Urratsez urrats, aurrera

Anaitasuna CD 3
Añorga KKE 1

Anaitasunak distira handiegirik gabe irabazi dio Añorgari. Urratsez-urrats bidea markatzen jarraitzen du, ordea, Artetxeren taldeak.

Anaitasunak laugarren garaipena lortu du jarraian. 2018. urte amaieran Aretxabaletan lortu zuen garaipenaz geroztik, jokatutako neurketa guztiak irabazi dituzte Ohorezko Mailako mutilek, eta, beste pauso sendo bat eman dute etorkizunera begira. Lehen zatian, maila ona emanda, bi eta hutsekoarekin hartu dute aldageletarako bidea, baina bigarrenean ez ditu erakutsi bere gaitasunak taldeak. Añorgarrek partidan sartzeko abagune garbia izan dute amaieran.

AnaiAnorga

Markel Eskurtza kapitaina Añorgako bi jokalariren artean. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Anaitasunak garaipen garrantzitsua lortu du, Txerloian, Añorgaren aurka. Taldeak ez du mailarik onena erakutsi, baina lehen zatian lortutako abantaila aski izan du hiru puntuak batzeko. Añorga defendatzeko asmoz etorri da Txerloira, atzean bost gizonek osatutako lerroa osatuta. Markel kapitainari eta Perezi goitik egin die presioa, baina gureek ondo eta patxadaz sortu dute jokoa, eta aurkarien lerroak aise gainditu dituzte. Añorgak egin du, ordea, arratsaldeko lehen jaurtiketa, Remen atezaina probatuz.

Minutu gutxira iritsi da gorrixen lehen gola. 16. minutuan, Añorgako erdilarien bizkarrean baloia berreskuratzea lortu du Axik, eta Mikel Arzalluzen mugimendua bikain ikusita, atzelarien bizkarrera pase neurtua egin du. Arzalluz ez da urduri jarri atezainaren aurrean, eta iskin eginda barrura bidali du baloia. Gehiago zen zelaian Anaitasuna, baina Añorgak ere izan du bere abagunea lehen zatian. 20. minutuan, eskuin hegaletik erdiraketa arriskutsua egin dute, eta bisitarien aurrelaria buruz saiatu da Remen gainditzen. Burukada gutxigatik bidali du kanpora.

Handik bost minutura iritsi da, aldiz, bi eta hutsekoa. Mikel Arzalluzen antzeko egoeran jaso du Ander Arabaolazak Landaren pasea. Anderrek ez du pentsatu Arzalluzek bezala iskin egiterik, eta atezainaren eskuin aldeko zutoinera jaurtita lortu du gola. Anaitasuna nagusi izan da harrezkero, eta atsedenaldira iritsi aurretik neurketa erabakita uzteko abagune garbiak izan ditu Artetxeren taldeak. 39. minutuan Mikel Aramendik, eta, 41. minutuan Axik, gertu izan dute gola. Aurrelari oñatiarrak urrundik egin du jaurtiketa, eta ez du desio bezala amaitu jokaldia.

Bigarren erdia ilunagoa izan da. Xabi Soraluzek eta Axik izan dituzte bigarren zatiko lehen gol aukerak, baina azkenean Ander Arabaolazak lortu du, 56. minutuan. Jokaldia dotorea izan da hasieratik amaierara arte. Axik bat-biko ona egin du eskuin hegalean Aitor Zulaikarekin, eta area barruan sartzea lortu du oñatiarrak. Añorgaren ate eremuan gureek egindako mugimenduak ondo ikusi ditu Axik, eta Anderri pasea egin dio jarraian. Lehen ukituan jaurti du atera Arabaolazak, eta zutoinaren albotik barrura bidali du baloia.

Hiru eta hutsekoarekin protagonismoa galdu du taldeak. Erritmo baxuagoa erakutsi du zelaian, eta Añorgaren atera iristeko ekite gutxi erakutsi du. Bisitariek hartu dute aginte makila, eta 65. minutuan egin dute gola. Remen atezain eibartarraren aurrean ondo gurutzatu du baloia Añorgako jokalariak. 72. minutuan, berriz, bigarrena egiteko gol aukera aparta izan dute. Remen, ordea, bizi ibili da eta geldiketa bikaina eginda urrundu du baloia kornerrera.

Neurketa amaitzeko hamabost minutu falta zirela, Axik Añorgako jokalari bati egindako penaltia adierazi du epaile nagusiak. Zaleak urduritzen hasiak ziren penaltiarekin, baina atepean zen Remenek lasaitu ditu guztiak. Añorgako jokalariak Remenen eskuin aldera jaurti du baloia, eta eibartarrak asmatu egin dio. Estuasunetik atera du taldea Anaitasunako atezainak. Azken minutuetan ezer gutxi erakutsi dute bi taldeek, eta aipatzekorik gabe amaitu da partida, Txerloian. Datorren asteburuan, Lesakako Mastegi zelaira egingo dute bidaia gure mutilek. 45 punturekin lidertzan iritsiko dira gorrixek Lesakara.