Berriz ere lidertzan!

Allerru KJKE 1
Anaitasuna CD 2

Jon Letamendiaren eta Mikel Arzalluzen golekin ondo landutako garaipena lortu dute mutilek Lezoko Plazeta zelaian

Lehen postuan da berriz ere mutilen taldea. Allerruren aurkako neurketa gogorra aurrera ateratzea lortu zuen taldeak atzo, zapatua. Lehen zatian neurketa ondo bideratuta uzteko abaguneak egin zituen Anaitasunak, baina bigarren zatiaren hasieran Allerruk banakoa egitea lortu zuen eta berriz ere neurketa hutsetik hasi behar izan zuten gorrixek. Presio lan ona egin zuten mutiek, eta neurketa aurrera atera zuten.

AllerruAnai

Aitor Diez baloiarekin (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Neurketa gogorra jokatu zuten Allerruk eta Anaitasunak Lezoko Plazeta zelaian. Talde bakoitzak aurkariaren baloi irteera goitik ixteko asmoz hasi zuen neurketa, eta baloiarekin huts bat baino gehiago egin zituzten bi taldeek. Aurkaria deseroso sentitzea lortu zuten nola Allerruk hala Anaitasunak. Bi golez gain, beste lauzpa-bost abagune izan zituzten gureek. 13. minutuan hasi zen huts eta bateko golaren jokaldia, baina ordurako Mikel Arzalluzek aukera on bat izan zuen. Leta izan zen huts eta bateko golaren autorea gola Aramendik pase ona, eta Letak bikain gurutzatu zuen.

Allerruk hegalak ondo baliatu zituen bere jokoa egiteko. Hiru atzelarirekin eta hegaletako bi jokalarirekin aritu ziren etxekoak. Area ingurura iristen ziren, eta Anaitasunari kostatu egin zitzaion egoera horri aurre egitea. Lehen zatian etxekoek ez zieten min gehiegi egin Xabier Artetxeren mutilei. Aukera garbi bakarra izan zuten. Anaitasunak, berriz, aukera ona gehiago izan zituen markagailuko aldea puzteko, baina ez zituen behar bezala amaitu jokaldiak. Huts eta batekoarekin iritsi zen neurketa atsedenaldira, Plazetan.

Bigarren zatiak lehenaren antzeko hasiera izan zuen. Gogortu egin zuten etxekoek jokoa, erritmo handiagoarekin jokatuta. Anaitasuna, baina, sendo agertu zen atzean. Kontraeraso batean huts eta bikorako abagune garbia izan zuten gorrixek, baina handik gutxira banakoa iritsi zen; 50. minutuan, etxekoen aldeko penaltia adierazi zuen epaileak. Eskuin hegaleko alboko sake batetik iritsi ziren lezotarrak, areara erdiratu zuten eta bigarren zutoinean Aitor Diezen bizkarrean zegoen jokalariak jaso zuen baloia. Erdiratzen hasi zen hura ere, eta Aitor Diezi baloiak eskuan jo ziolako adierazi zuen penaltia neurketako epaile nagusiak. Hamaika metrotatik egindako jaurtiketan egin zuten banakoa etxekoek.

Anaitasunari aurrera egiteko ordua iritsi zitzaion, eta erritmo gehiago sartuz presioan asmatu egin zuen Artetxeren taldeak. Allerruren baloi irteera batean baloia lapurtu zuen taldeak, eta Mikel Arzalluzek ez zuen barkatu atearen aurrean, 63. minutuan. Allerru hegaletatik min egiten jarraitu zuen, eta etxekoen iturria ixteko asmoz, Anaitasunak ere jokamoldea ukitu beharra izan zuen. Aldaketa horrekin etxekoen jarioa itxi zuen Anaitasunak, ez baitzuten min handiegirik egin.

Gure mutilak kontraerasoan irtetzen hasi ziren bat eta bikoarekin, eta bi aukera on izan zituen. Axik izan zuen lehena, eta Ander Pastrianek bigarrena. Asmatu ez, eta bat eta biko markagailu estuarekin epailearen amaiera agindura arte borrokatzen jarraitu behar izan zuen taldeak. Gureen defentsa lana ona izen beste behin, eta neurketa praktikoa eginda beste hiru puntu lortu zituen maila ona eskaini zuen Allerru taldearen aurka.

Datorren asteburuan beheko postuetan den beste talde baten bisita jasoko dute gorrixek Txerloian. AƱorgaren aurkakoa zapatuan 17:00etan jokatuko dute Artetxerenek. Gipuzkoako Ohorezko Mailako lider berria da berriz ere Anaitasuna, bere atzetik diren Eibarrek eta Tolosak galdu egin baitzuten. Armaginek bi eta bat galdu zuten Oiartzunen, eta tolosarrek hiru eta bat Lesakan. 42 punturekin lehen postuan da Anaitasuna, Eibar bigarren 41 punturekin eta hirugarren Tolosa, 35 punturekin.