Irmo liderraren aurka

Anaitasuna CD 2
Eibar SAD 1

Anaitasunak bigarren zati ezin hobea egin du, eta goitik behera nagusitu da Eibar liderraren aurka Txerloian.

Anaitasuna eta Eibar. Bigarren sailkatua liderraren aurka. Itxaropentsu ziren zale asko, eta gure mutilek ez dute hutsik egin etxean. Urte zaharra amaitu zuen bide beretik hasi du Anaitasunak berria, eta mezua igorri dio liderrari: txapelketa goreneko postuetan amaitzea asmo duela erakutsi diete gorrixek armagiñei. Bisitariek lehen zatiko azken jokaldian aurre hartu badute ere, bere aurpegirik onena erakutsi du Anaitasunak bigarren erdian, eta nagusi izan da zelaian. Mikel Aramendik eta Beñat Landak lortu dituzte gure mutilen bi golak.

AnaiEibar

Axi Eibarko atzelari bati ihes egin nahian. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Intentsitate handiko hasiera izan du Anaitasunaren eta Eibarren arteko neurketak. Bi taldeen helburua izan da aurkariaren zelaian jokatzea, eta nahi eta espero zuen neurketa jokatu dute gorrixek. Lehen hogei minutuetan ondo ibili da Anaitasuna baloiarekin, baina kostatu egin zaio Eibarren areara iristea, aukerak sortzea. Aipatzekoa izan da, bestalde, baloia galdutakoan taldeak erakutsi duen jarrera. Eibarrek hegaletan erakutsi du ahalik handiena. Erasoko jokalariei baloi onak jarri dizkiete bi alboetako jokalariek. Aukera asko ez dira izan, ordea, Txerloiako berdegunean.

Ondoren, Anaitasunaren erritmoa jaitsi egin da. Presioa egiten lan handia egin dute gorrixek, baina presioaren gogortasuna jaitsi denean, Eibar Anaitasunaren zelaian aritu da. Eibarrek bigarren baloi gehiago hartu ditu, baina ez ditu abagune arriskutsuak egin. Defentsan ondo ibili da Anaitasuna, seguru; halere, Eibarrek lehen zatiko azken jokaldian lotu du huts eta batekoaren gola. Zelai erdiko alboko sakea galdu dute gureek, eta Eibar kontraerasoan irten da. Ezkerretik zuloa aurkitu dute armagiñek, gero erdiratu egin dute areara eta errematea, azkenik, barrura bidali dute. Anaitasunak ez du asmatu jokaldia mozten. Gola sartuta amaitu du epaileak lehen zatia.

Kolpe handia hartu du taldeak, eta baikortasunean zentratuta berdinketaren bila atera dira gureak bigarren zatian. Baloia nabarmen behar zuen taldeak; lehen zatiko lehen hogei minutuak errepikatu beharrean zen. Eta horrela izan da. Goraipatzeko moduko bigarren zatia egin dute Xabier Artetxeren mutilek. Intentsitate altuarekin hasi da Anaitasuna; resioa bikain egin du, baloiari erritmoa eman dio barrutik jokatuz, eta Eibarren ate ingurura iristeko gai izan dira gorrixek. Barrutik jokatuz min egin dio Anaitasunak Eibarri, eta ondoren baloia hegaletara aterata arriskua sortu du taldeak. 52. minutuan iritsi da berdinketa. Mikel Aramendik indar handiz zuzenean ate barrura bidali du eibartarren atearen aurrean epaileak adierazi duen falta.

Asko zegoen oraindik esateko eta erabakitzeko, baina Anaitasunak berdin jarraitu du. Anaitasuna izan da protagonista, Eibarrek ez baitu izan baloirik. Baloi luzeen bitartez saiatu dira bisitariak gureak desoroso jartzen, baina defentsan lan aparta egin dute gorrixek; areara ez dira ia iritsi ere egin. Bi eta batekoaren aurretik ere gure mutilek merituak egin dituzte bigarren gola egiteko. Axik, esaterako, langara bidali du baloia jokaldi batean. Arzalluzek jokaldi ona eginda, kontraerasoan irten da Anaitasuna, ezker hegalera jokatu du eta Anderren erdiraketa Axik buruz errematatuta langara bidali du atezainak ukitu ostean. Mikel Arzalluzek ere aukera ona izan du gerora kanpotik barrura eginda.

Anaitasuna irabazteko meritu guztiak ari zen egiten, eta 80. minutuan Beñat Landaren gola iritsi da. Aurrez, ordea, beste abagune bat izan du taldeak. Ezker hegaletik bikain eraman dute gure mutilek eskuin aldera jokoa, eta Ander Arabaolazak jaso, aurrera ukitua egin eta langara bidali du baloia. Jokaldia eibartarrrek urrundu, Anaitasunak hegaleko sakea jokoan jarri eta ondoren etorri da bi eta batekoa. Diezek atera du alboko sakea, Aramendiri ukitu dio, honek Diezi itzuli eta zelai erdian zen Mikel Pastrianekin jokatu du. Erdilariak ordura arte alboan lagun izan duen Landari egin dio pasea. Aurrelari onenen antzerako mugimendua eginda atzean utzi du Landak Mikel Pastrianen pasearekin Eibarko atzelaria, eta area barruan bikain gurutzatu du baloia gola egiteko. Eromena sortu da orduan Txerloian. Zaleek pozarren ospatu dute gola.

Bi eta batekoarekin ere, ordea, Anaitasunak berdin jarraitu du. Aldaketek freskotasuna eman diote taldeari, eta presio onari eusteko moduan izan dira gorrixek. Eibar, berriz, baloi luzeen bitartez saiatu da Anaitasunaren zelaira iristen, baina gureek defentsan segurtasun handia erakutsi dute; bisitariek ez dute arrisku handiegirik egin. Lasai amaitu du taldeak neurketa, asko sufritu gabe.

Lehen zatia oreka nagusi izan bada, bigarren zatian nagusi izan da Anaitasuna. Nahi duen neurketa egitea lortu du taldeak, eta bide batez Eibar liderrarekin sailkapeneko aldea murriztu du. Bi puntura daude orain gorrixek lehen postutik. Datorren asteburuan Allerruren aurka jokatu dute Artetxeren mutilek. Azken bi neurketetan garaipena lortzeko moduan izan dira mutilak, eta bide horri jarraitzeko asmoz beste hiru puntu etxera ekartzen ahaleginduko dira Ohorezko Mailako mutilak.