Sailkapena estutu duen porrota

Anaitasuna CD 1
Tolosa C.F. 2

Gorrixek aukera ederra galdu dute sailkapenean Tolosa urruntzeko

Tolosak lehen zatian eman zuen kolpea, eta Anaitasuna ez zen gai izan bigarren zatian berdinketa lortzeko. Markagailuan aurrea hartzeko aukera pare bat izan zituzten Xabier Artetxeren mutilek, baina Tolosak bi gol egin zituen ordu erdia betetzerako. Bigarren zatira beste erritmo batekin zelairatu ziren mutilak, eta bat eta bikoak esperantzaren bidea ireki zuen Txerloian. Aukera asko ez zituen izan taldeak, eta sailkapena estutu duen porrota jaso zuten mutilek.

kronikarako tolosa

Izagirre, Mikel Pastrian eta Landa Tolosako jokalari bat inguratzen. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Markagailuan aurrea hartzeko bi aukera on izan zituen Anaitasunak lehen ordu laurdenean. Garbiena zazpigarren minutuan izan zuten gorrixek. BeƱat Landak zutoinera bidali zuen area ertzean jasotako baloia. 16. minutuan, berriz, Mikel Arzalluz beti bezain argi ibili zen, eta Tolosako atzelari baten eta atezainaren gaizki-ulertua gola bihurtzetik gertu izan zen. Tolosako atezainak eta atzelariak baloia pasatzen utzi zuten area barruan, eta Mikelek jokaldi jarraituta ezker hegaleko korner inguruan jaso zuen baloia. Atezaina atetik kanpo zela jaurti zuen, baina baloia barrura zihoanean atzelari batek atera zuen goleko lerrotik.

Anaitasunaren abisuetatik, Tolosaren goletara pasatu zen ondoren neurketa. Tolosak ondo ulertu zuen neurketa, eta hegaletan ez zuen inoiz ere espaziorik utzi Anaitasunarentzat, eta barrutik jokatzera behartu zuen taldea. Presioa goian eta erasokor egin zuten kanpokoek, eta une batzuetan arriskuak hartu beharrean ere izan zen Anaitasuna.

21. eta 27. minutuetan egin zituzten bisitariek euren golak. Bi golak Tolosak eraso egiten zuen eskuin hegaletik iritsi ziren. Lehen golean Xubanek gelditu zuen tolosarrek area barrutik egindako lehen jaurtiketa, baina aldaratzea berriz ere bere oinetan jaso zuen Tolosako jokalariak eta Izagirrek eta Zulaikak ezin izan zuten ezer egin gola ekiditeko. Huts eta bikoa, berriz, azpi azpitik egindako erdiraketa baten ostean jaso zuten gureek. Aurrelaria defendatzen ez zen inor, eta bakar-bakarrik zutoinaren albotik bidali zuen baloia barrura.

Huts eta bikoarekin galduta ziren mutilak, noraezean. Atsedenaldira zirrikiturik aurkitu ez zutela iritsi ziren, baina bigarren zatira beste erritmo batekin zelairatu ziren gorrixek, eta segituan etorri zen saria. Mikel Aramendik 48. minutuan egin zuen bat eta bikoaren gola. Area ertzetik jaurti zuen ezkerrez, eta Tolosako jokalari bati soinean jota baloia atezainaren gainetik sartu zen ate barrura.

Golarekin bazirudien Anaitasuna esnatu egin zela eta bigarren zati zirraragarria izango zela, baina Tolosak ez zuen inoiz kontzentraziorik galdu eta aukera oso gutxi eman zizkion Anaitasunari. Kontraeraso batean izan zuen taldeak binakoa egiteko aukera garbiena. Mikel Arzalluz eta Axi bizi irten ziren ezker hegaletik kontraerasoan eta Arzalluzek erdiraketa ona egin zuen area barrura, beste aldetik azkarrago baitzioan Aitor Diez. Diezek jokaldia amaitu zuen, baina zutoinaren ondotik kanpora bidalita. Minuturik gehienak talde bisitariaren zelaian pasa zituen Anaitasunak, baina ez zen arriskutsu aritu eta Tolosak defentsa lanean oinarritutako talde lanaren saria jaso zuen, Txerloian.

Hirugarren porrota jaso dute jarraian, ondorioz, Artetxeren mutilek. Datorren asteburuan, igandean, Aretxabaletaren aurka arituko dira gure mutilak. Txapelketaren atsedenaldira penak ahaztuta joateko eta urte berria beste indar batekin hasteko aukera ederra izango dute gureek, Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian.