Bederatzirekin aritzearen zigorra

Anaitasuna CD 0
Bergara K.E. 2

Ia bigarren zati osoa bederatzirekin aritu dira mutilak, eta Bergarak Anaitasunaren jokalari gabezia baliatu du Txerloitik hiru puntuak eramateko

Etxeko eta denboraldiko bigarren porrota jaso dute Ohorezko Mailako mutilek, Txerloian. Bergararrek lan handietan jarri dituzte gure mutilak hasieratik, eta asko kostatu zaie gureei euren jokoa egitea. Bigarren zatian bi jokalari gehiagorekin aritu dira bisitariak eta berdeguneko espazioak baliatu dituzte kanpokoek bi gol egiteko. Saiatu diren arren, oso zaila izan dute gureek ezer arriskutsurik egitea.

Anaitasuna Bergara

Asier Ugarte pasea egiten. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Anaitasunak ez du aurkitu zirrikiturik Mikel Juaristi entrenatzaile azkoitiarrak zuzendutako Bergararen aurka, eta bisitariek ondo landutako hiru puntu eraman dituzte Txerloitik. Presio gogorra egin dute lehen minututik mahoneroek, eta asko kostatu zaie bisitarien presio lerroa gainditzea eta aurkariaren zelaian jokatzea gorrixei.

Lehen zatian hamaika jokalari hamaikaren aurka ari zirela ere aukera garbienak Bergarak izan ditu. Hiru bat-baten aurkako gelditu ditu Xuban Badiola atezainak Bergara kontraerasoan irten denean. Anaitasunak, bere aldetik, iritsiera arriskutsu pare bat egin ditu, baina ez du azken asteetako sakontasunik lortu jokoan, eta arazo gehiago izan ditu bere futbola egiteko.

Bigarren zatian, taldeak ez du lortu nahi zuena egiterik, hein handi batean epaileak baldintzatu duelako. Markel Eskurtza eta Aitor Diez egotzi ditu epaileak 51. minutu jokaldian. Eskurtza kapitainari bigarren txartel horia erakutsi dio epaileak falta egiteagatik, baina Aitor Diezi neurriz kanpo ez zegoen esaldi bategatik txartel gorria erakutsi dio zuzenean. Eragin handia izan du jokoan epailearen erabakiak.

Anaitasuna bere mailatik urrun zen, baina jokaldiak erabat deuseztatu du taldeagatik espero zitekeen guztia. Bergarak espazio onak aurkitu ditu jokaldi arriskutsuak egiteko eta bi gol lortu dituzte minutu gutxiren barruan. Huts eta batekoa 54. minutuan lortu dute eskuin hegaletik egindako jokaldi batean aldaratzea jaso eta penalti puntuaren atzetik jaurtiketa eginda. Huts eta bikoa, bestalde, eskuin hegaleko jokaldi batetik egin dute bergararrek. Erdiraketa ona egin du bisitarien jokalari batek, eta bigarren zutoinaren paretik buruz errematea eginda jaso dute bigarrena gureek.

Ahal zuten guztietan saiatu dira gureak aurrera egin eta markagailua estutuko zuen golaren bila, eta zelairatu berria zen Jon Letamendiak izan du garbiena Mikel Arzalluzen erdiraketaren ondoren. Bergarak, berriz, kontraerasoan izan ditu abagune onenak markagailuko aldea areagotzeko. Halere, Xuban atezainaren geldituek eta azken metroetan kanpokoek izan ez duten zuzentasunak bere horretan mantendu dute markagailua. Bergararen aurkakoa ahalik eta azkarren ahazteko, datorren ostegunean izango dute orain neurketa Xabier Artetxeren mutilek. Zarauzko Asti zelaian arituko dira gorrixek 15:45etik aurrera.