Gol festa Txerloian

Anaitasuna CD 8
Amaikak Bat 3

Zati bakoitzean lau gol eginda, Txerloian urteetan izan den gol festarik handiena egin zuten gorrixek Amaikak Bat taldearen aurka

Xabier Artetxeren mutilek goitik behera menderatu zuten Amaikak Bat taldea, eta denboraldiko hamargarren garaipena lortu zuten. Aurkariaren aulkian eseri zen Igor Quindos Anaitasunako entrenatzaile ohia. Jokatu ziren bi zatietan launa gol egin zituzten gure mutilek. Jokoaren ekimena Anaitasunak izan zuen, eta neurketa uneoro gure mutilek izan zuten kontrolpean. Zaleek gozatu ederra hartu zuten.

Anaitasuna-8-3-Amaikak-Bat

Ander Arabaolazak bi gol lortu zituen Amaikak Bat taldearen aurkakoan. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Sortutako aukera gehienak ate barrura bidali zituzten gureek; hor egon zen debarren aurkako neurketa aurrera ateratzeko giltza. 12. minutuan hasi zen festa, eta luzapenera bitartean kolore guztietako hamaika gol izan ziren Txerloian. Eskuin hegaletik Axik eta Aramendik egindako jokaldiam bisitariek bidali zuten baloia euren ate barrura. Aramendik area zapaldu zuen baloiarekin Axiren pasea jasota, eta atzera pasea egiten hasi zenean Debako atzelari baten oinean jo eta desbideratu egin zen baloia. 18. minutuan, berriz, bi eta hutsekoa iritsi zen. Berriz ere eskuin hegala baliatu zuten gorrixek arriskua sortzeko, baina Axi golegileari pasea egin ziona Mikel Pastrian izan zen. Atzelarien gainetik ezkerrez egin zion pasea Pastrian anaietako zaharrenak, eta Axik baloia jasotzean atezainari iskin egin zion. Atea hutsik zela eskuinez barrura bidali zuen baloia oƱatiarrak.

Amaikak Bat taldeak, ordea, aldea murriztea lortu zuen 28. minutuan. Debarren ateko sake batean gaizkiulertua izan zuten gure jokalariek, eta atzelarien artetik egindako pasean kanpokoen aurrelaria agertu zen Remen atezainaren aurrean. Eskuinez barrura bidali zuen baloia. Atsedenaldia iritsi aurretik, baina, beste bi gol egiteko gai izan zen Anaitasuna. Hiru eta batekoa 39. minutuan Ander Arabaolazak egin zuen, penalti bidez. Axiri atezainak egindako penaltia adierazi zuen epaileak, eta ardura Arabaolazak hartu zuen. Ez zuen hutsik egin aurrelariak. Lau eta batekoan, berriz, Mikel Arzalluz protagonista. Zelai erdian baloia lapurtuta, kontraeraso ezin hobea burutu zuten Mikel Arzalluzek eta Axik. Axi area barruan sartu zen defendatzaileak erakarrita, baina beste aldetik Arzalluz agertu zen. Axik Arzalluzi oparitu zion gola, eta taldeko golegile nagusiak ez zuen barkatu atea hutsik zegoela.

Bigarren zatiaren hasieran ez zen erlaxatu Anaitasuna, eta bosgarrena eginda neurketa erabakita uztea izan zuen helburu hasiera-hasieratik. 59. minutuan iritsi zen bosgarrena. Eskuin hegaletik irten zen Anaitasuna Axiren bitartez. Jokoz kanpokoaren muga-mugan jaso zuen baloia oƱatiarrak, eta zelai erditik area barruraino sartzea lortu zuen. Ander Arabaolaza atzetik aurrera iritsi zen, eta pasea zetorkion moduan errematatuta sareetara bidali zuen arratsaldeko bere bigarren gola egiteko. Bi minutura, berriz, Amaikak Batek berriz ere bere atean egin zuen gola. Ezker hegaletik sartu ziren seigarren golaren jokaldian gorrixek, eta area barruan atzera egindako pasean Debako jokalari batek ez zuen asmatu baloia urruntzen. Bere atera bidali zuen baloia nahi gabe eta langa jota ate barrura sartu zen baloia.

Sei eta batekoarekin lasaiago aritu zen taldea, eta bederatzi minutuko erlaxazio unean Amaikak Bat taldeak bi gol egin zituen. Sei eta bikoa 75. minutuan egin zuten bisitariek argitasun handiz jokaldia jarraituta, eta sei eta hirukoa 84. minutuan, area ertzetik egin zuten. Anaitasunak motorrak martxan jarri zituen berriz eta aulkitik zelairatutako jokalariek protagonismo berezia izan zuten azken bi goletan. Zazpigarrena Jon Letamendiak lortu zuen Julen Aramendiren oinetatik jasotako erdiraketa boleaz errematatuta. Zortzigarrena eta azkena Ander Pastrianek lortu zuen Xabi Soraluzeren falta erdiraketa bikaina buruz bigarren zutoinaren parean errematatuta.

Gol festa latza eskaini zuten Xabier Artetxeren mutilek etxean. Datorren asteburuan Hondarribian arituko dira mutilak. Azken sailkatuaren etxean arituko dira hurrengo astean, baina beti zaila den Ondartza zelaian gogotik egin beharko dute mutilek hiru puntuak batu eta lidertzari eusteko.