Luzapenean puntua batu dute neskek Hernanin

Hernani CD 1
Anaitasuna CD 1

CD Hernaniren etxean puntua urratu dute Euskal Ligako neskek. Gola Maider Badiolak egin zuen luzapeneko lehen minutuan

Neurketa serioa eta ona burutu zuten neskek Hernaniko Zubipe zelaian, eta luzapenean puntu bat batzeko moduan izan ziren. Hasieratik zer egin nahi zuten argi izan zuten neskek eta baloiarekin itxura ona eman zuten Hernaniko berdegunean. Atsedenaldira hutsean iritsi zen neurketa. Handik bueltan geldikako jokaldi batean jaso zuten gorrixek gola, eta luzapenean atezainaren urruntze txarra baliatuta egin zuen gola Maider Badiolak.

 

IMG 20181020 155902

Orain arte gutxi egindako jokoa egiteko gai izan ziren neskak atzo, zapatua, Hernaniko Zubipe zelaian. Atzetik jokatuz saiatu ziren jokoa egiten. Hernanik gure neskei baloia hartzen utzi egiten zien, metroak aurrera egin eta gero presio estua egiteko. Neskek, ordea, gauzak zentzuz egin zituzten eta entrenatzaileen esanetan, Ā«orain arteko minuturik onenakĀ» eskaini zituzten. Zuzentzeko eta hobetzeko asko egon arren, Hernani baino hobeto egon zen kokatuta zelaian, nahiz eta aukera asko ez izan zelaian.

Bigarren zatian ere ez zen asko aldatu jokoa. Anaitasunak zuen jokoaren ekimena, eta Hernanik gorrixen bizkarrera jokatzeko intentzioa erakutsi zuen. Markagailuan irabazten joatea merezi arren, 70. minutuan etxekoek egin zuten gola. Zelai erdi ingurutik jokoan jarritako baloia areara zintzilikatu zuten etxekoek, eta aldaratzea baliatu zuten bat eta hutsekoa egiteko.

Gola kolpe latza izan zen neskentzat. Orduan, Hernanik baloia bere oinetan hartu zuen gureen beherakada ikusita. Futbola ez da justua izaten askotan, baina Hernanin egindako jokoa egin eta gero Anaitasunak ez zuen esku hutsik itzultzea merezi. Gola lortzeko aukerak zeudela ikusita guztiarekin joan ziren azkeneko minutuetan, eta saria luzapenean jaso zuten gorrixek.

Anaitasunak zelai erditik aurrera egin zuen baloiarekin, baina etxeko jokalari batek atezainari ukitu zion atepeko neska baloia moztera irten zenean. Pasea txarra izan zen, eta atezainaren aldaratzea okerragoa, baloia Anaitasunako golegile nagusienaren oinetara erori baitzen. Maider Badiolak zetorkion moduan jo zuen baloia, eta atea hutsik zela banakoa egitea lortu zuen. Gogotik ospatu zuten gola gorrixek, bai harmailetan eta bai zelaian ere.

Joan den asteburuan irabaztetik gertu izanda berdindu zion Oiartzunek taldeari. Atzo, Hernanin, galtzetik gertu izanda berdindu zuen Anaitasunak. Bi aste jarraian galdu gabe dira; joko eta sentsazio onekin da taldea. Jarraikortasuna eman eta datorren astean Bizkerre taldearen aurka garaipena lortzen saiatuko dira gure neskak, San Juan zelaian.