Hernanin ere bai!

Hernani C.D. 1
Anaitasuna CD 3

Mikel Arzalluzen eta Axiren golek beste hiru puntu batzeko balio izan dute Hernaniko Zubipen

Anaitasunak asko sufritu du minutu askoan hamar jokalarirekin egon den Hernaniren aurka. Ordu laurdena pasa bezain laster hartu zuten aurrea gorrixek Hernanin, baina atsedenaldira iritsi aurretik egin zuten banakoa ordurako hamarrein zen Hernanik. Bigarren zatian Axi aurrelariak bi gol egin zituen, eta Anaitasunak balio handiko beste hiru puntu batu ditu txapelketako zelairik gogorrenetako batean.

Hernani Anaitasuna

Lehen minutuetan bere karten aurkezpena egin zuen talde bakoitzak, Zubipeko zelaian. Bi taldeek baloiaren kontrola nahi zuten eta baloia jokatuz atera nahi izan zuten euren zelaitik. Horretan ahalegindu ziren gureak ere, eta Hernanik egiten zuenean goitik presioa egin zuen. Area ingurura iritsiera batzuk egin zituen Hernanik hastapeneko minutuetan, baina ezer argirik ez zen izan Mikel Arzalluzen golera arte. Hegaleko sake batetik iritsi zen gorrixen gola. Mikel Arzalluz area barruan sartu zen eta bi aurkari atzean utzita huts eta batekoa egitea lortu zuen denboraldiko bosgarren gola eginez.

Aldeko markagailuarekin ezer gutxi aldatu zen. Antzera jarraitu zuen neurketak Hernaniko Zubipen, baina eragin handia izan zuen jokaldia 30. minutuan iritsi zen. Etxekoen aurrelaria egotzi zuen epaileak zuzenean txartel gorria erakutsita. Ordutik aurrera, Hernani eroso sentitu zen jokalari bat gutxiagorekin, eta Anaitasuna eroso ez sentiaraztea lortu zuen. Huts eta batekoarekin, eta ikusita Hernani hamar jokalarirekin zegoela zelaian, Anaitasunaren bigarren gol batek neurketa erabakita utzi zezakeen; presaka aritu ziren mutilak. Hernanik lau gizonekin osatutako bi lerro ondo jarrita zituen berdegunean, eta baloia hartutakoan aurrera egiteko ez zuten inolako eragozpenik izan hernaniarrek.

Anaitasunak ez zion minik egin 30. minutu horretatik aurrera. Hernanik, berriz, berdinketa egitea lortu zuen 43. minutuan. Baloi luze batean gaizki defendatu zuten mutilek jokaldia. Hegaletik sartu ziren etxekoak Remen atezainaren areara, eta atzera pasea eginda, banakoa egitea lortu zuten hernaniarrek jaurtiketa bikain batekin. Anaitasuna ez zen eroso aritu inolaz ere.

Atsedenalditik bueltan gauzak zuzentzen ahalegindu zen Anaitasuna, baina ezer gutxi aldatu zen lehen minutuetan. Anaitasunak ez zuen asmatu hernaniarren lerroak ondo erasotzen, eta baloi asko azkar galdu zituen. Pare bat aldiz iritsi zen etxeko taldea Remen atezainaren ate-eremura, eta presioan ere estuasunetan jarri zuten taldea. Halere, neurketa hasi eta ordu betera iritsi zen bat eta bikoa. Aitor Zulaikaren pasea jaso zuen Asier Ugarte aurrelari oñatiarrak, eta aurkariak atzean utzita ondo amaitu zuen jokaldia. Anaitasuna berriz ere aurretik zen Hernaniko Zubipen.

Bat eta bikoarekin, jokamolde aldaketa egin zuen Artetxek, eta horrek eragina izan zuen azken minutuetara begira. Taldea hobeto egon zen. Hernani nekatuagoa zegoen, hamar jokalarirekin lan eskerga handia egin behar izan zuen eta. Zelai erdian baloi gehiago errekuperatu zituzten gorrixek eta etxekoen oldarraldiak hobeto itxi zituen taldeak. Bi aurrelari jarri zituen Anaitasunako entrenatzaileak espazio bila, eta lortu zuen. Espaziora mina eginez, aukera bat baino egin zituzten gure mutilek, eta 83. minutuan Axik neurketako ere bigarren gola egin zuen Anaitasunaren garaipena ziurtatuz. Gehiago egiteko abaguneak ere sortu zituzten gure mutilek Hernanin.

Neurketaren amaieran, jokalarien jarrera o«so ona» izan zela azpimarratu zuen Xabier Artetxe entrenatzaileak. «Nahiz eta neurketa ona ez egin, beti irabazteko jarrera erakutsi du taldeak», azpimarratu zuen. «Erabaki onak hartzea falta izan zaizkigu jokatzerako orduan, eta hori zuzentzea gure lana da», gehitu zuen entrenatzaileak. «Halere, bi areatan Hernani baino hobeak izan gara. Geure arean defendatzeko orduan ziur egon gara, eta erasoko jendea oso ondo egon da aurrean. Bi areatan taldearen kalitatea ikusi da», adierazi zuen Artetxek.

Bigarren gola lortu arte deseroso sentitu zen taldea. Jokalari bat gehiagorekin aritu ziren mutilak minutu luzean, baina ez zen inolaz ere neurketa erraza izan. Hiru puntu on batu zituzten gorrixek aurkari on baten aurka. Datorren asteburuan Mutriku F.T. jasoko dute Txerloian mutilek. Zapatuan 17:00etan hasiko da mutrikuarren aurkakoa.