Bolada ona luzatu dute mutilek Elgoibarren

Elgoibar 0
Anaitasuna CD 2

Anaitasunak beste hiru puntu batu ditu, oraingoan Elgoibarko Mintxetan. Mikel Arzalluz eta Jon Letamendia izan dira neurketako golegileak

Duela bi denboraldi egin bezala, Anaitasunak huts eta bi irabazi du, Elgoibarko Mintxeta zelaian. Lehen zatiko minuturik gehienetan nagusi izan da taldea, baina neurketa bigarren zatiko azken ordu erdian erabaki dute mutilek. Bigarren zatian Elgoibarrek pare bat ezusteko eman dizkio Anaitasunari, baina Remen atezainaren geldituek eta 66. minutuan eta 93. minutuan gureek egindako golek denboraldiko laugarren garaipena lortzeko balio izan dute.

Elgoibar0-2Anai

Lehen ordu erdian goitik behera nagusitu dira mutilak. Presioa behetik hasi dute etxekoek, eta gureek baloiaren jabetza osoa izan dute, jokoa hegal batetik bestera mugituz. Ez dute aukera asko sortzerik lortu, baina, partida kontrolpean izan dute uneoro. Zelai erdian nagusitasuna lortuta, hegaletatik eta bereziki Mikel Arzalluz eta Azkoitia ari ziren aldetik iritsi dira Elgoibarren area ingurura mutilak. Falta izan zaien bakarra gola izan da. Axi Ugarte oƱatiarrak lortu du gola, baina epaileak bertan behera utzi du jokoz kanpokoagatik. Elgoibarrek azken 10-15 minutuetan geldikako jokaldietan egin du mina, eta momentu txarra pasatu du taldeak. Halere, oro har, gureak nagusi izan dira berdegunean.

Bigarren zatian lehen zatiko minutu onak errepikatzera zelairatu dira mutilak, eta golen bitartez borobildu dute gorrixek jokoa. Hasierako minutuetan gureek izan dute baloiaren jabetza, eta 54. minutuan zalantzarako jokaldia sortu dute epaileek. Mutilek elgoibartarren atera jaurti dute, eta area barruan jaso du Mikel Arzalluzek aldaratzea. Aurrelariak gola egitea lortu du, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi du segidan. Zaleak asko haserretu dira, marrazainak ez baitu jokoz kanpokoa adierazteko banderatxoa altxatu. Azkenean joko arriskutsua adierazi duela azaldu dute epaileek.

Gureek eman dute bigarren erdiko lehen abisua, baina etxekoek ere aukera onak izan dituzte aurretik jartzeko. 57. minutuan izan dute lehen abagunea, eta 63. minutuan bigarrena. Arrisku handiarekin iritsi dira bi aldietan elgoibartarrak, baina Remen atezain eibartarrak bi gelditu handi egin ditu Anaitasunaren atea hutsean mantentzeko.

Elgoibarrek barkatu egin du, baina Anaitasunak ez, 66. minutuan egin baitu Mikel Arzalluzek huts eta batekoa. Gureek zelai erditik egindako pasea jaso du Axi aurrelariak Elgoibarren arean. Baloia kontrolatu eta atzera egin du pasea oƱatiarrak eta Mikel Arzalluzek, atzelaria atzean uzteko ukitu txiki bat aurrera eginda, indar handiz amaitu du jokaldia Anaitasunaren aldeko gola lortzeko.

Gureak aurretik zirela, ez da abagune garbirik izan bi aldeetan. Elgoibarrek ezker hegaleko falta erdiraketa batean izan du garbiena, baina ordurako marrazainak jokoz kanpokoa adierazita zuen. Erdiraketa hori izan da azken minutuetako jokaldirik larriena Anaitasunarentzat. Ordutik aurrera, jokoa asko moteldu du taldeak, lasaitasunez hartu dituzte azken minutuak eta izan duen azken aukeran borobildu du neurketa. Mikel Aramendik area ertzetik falta jaurtiketa langara bidali ondoren, Jon Letamendia zelairatu berriak baliatu du aldaratzea huts eta bikoa egiteko.

Garaipen bikaina taldearentzat beti zaila den Elgoibarko Mintxeta zelaian. Lau jardunalditan lau garaipen. Hori da Xabier Artetxeren taldeak 2018-19 denboraldian egin duen aurkezpena. Hamabi punturekin sailkapeneko bigarren postuan jarraituko du taldeak Eibar taldearen atzetik, garaipena lortu baitute laugarren jardunaldi honetan ere. Datorren astean arerio gogorra izango dute mutilek, Txerloian. Mondragon taldea jasoko dute.