Porrot gogorra etxean

Anaitasuna CD 3
Goierri Gorri 5

Binakoaren ondoren goierriarrek lau minutuan erabaki zuten San Juango neurketa

Elorrion gertatu bezala, Goierri Gorri taldearen aurka ere markagailuren eta aurkariaren aurka jokatu behar izan dute gorrixek. Taldeak ez zuen lortu jokamolde berrian nahi bezala aritzerik. Bisitariek, berriz, argi ekarri zuten zein zen egin behar zuten jokoa, eta gure nesken atzeko lerroaren bizkarrera jokatuz min handia egin zuten. Hiru eta laukoarekin punturen bat batzeko esperantza zabaldu bazen ere, bi minutura desagerrarazi zituen Goierri Gorrik gureen asmoak.

Anai GG kronika

Ainhoa Galarraga aurkariari ihes egin nahian. (Argazkia: Javi Urola)

Aukera gehiegi ikusi gabeak ziren artean San Juango jarraitzaileak, baina 17. minutuan Goierri Gorrik aurrea hartzeko gola lortu zuen markagailuan. Gure neskak ez ziren inolaz ere eroso berdegunean, baina saiatu ziren aurkariaren areara hurbiltzen. Neurketa gogorra zihoan, joko zuzen asko bi taldeen partetik, baina atsedenaldira iritsi baino hiru minutu lehenago Anaitasunak banakoa egitea lortu zuen. Zelai erdian Maider Badiolak aurkariari baloia ostu zion eta area ertzeraino bakarrik joan zen. Ate eremura sartu baino lehen eskuinez jaurti zuen baloia atera, eta zutoinaren ondotik lortu zuen banakoa egitea.

Gola ospatu eta atsedenaldiran pentsatzen zirela, ordea, Goierri Gorrik bat eta bikoa egitea lortu zuen. Beste baloi luze bat sartu zuten gure nesken defentsaren bizkarrera eta Miren atezainaren gainetik, bat eta bikoa egin zuten goierriarrek. Gure neskek kolpe gogorra hartu zuten aldageletara iritsi aurretik.

Aldageletan lehen zatian egindako okerrak zuzendu zituzten, baina bigarren zatian gauzek ez zuten hobera egin. Baloia jokoan jarri eta segundo gutxira epaileak Leire Ucini area barruan egindako penaltia adierazi zuen. Ainhoa Galarragak erdi erdira eta gora indar handiz jaurti zuen hamaika metrotako jaurtiketa atera, eta binakoa jarri zuen markagailuan. Neskak presioa gorago egiten hasi ziren, lerro guztiak aurrera bota eta aurkariaren zelaian futbolean jokatzeko asmoz.

Neurketa eta jokoa parean ziren, baina Goierri Gorrik bere jokoa eginez jarritu zuen baloi luzeen bitartez eta gorrixek ikaragarri sufritu zuten. 57. minutuan eta 61. minutuan bi gol eginda neurketa ia bideratuta utzi zuten kanpokoek. Neskak burua jaitsi gabe aurrera egin beharrean ziren eta Maria Santizok jokoan jarritako alboko sake luze baten bitartez lortu zuen Ane Juaristik buruz hiru eta laukoa egitea. Handik minutu eskasera, ordea, Goierri Gorrik azken hiru eta bostekoa egitea lortu zuen baloia atzelarien bizkarrera jokatuta. 

Gureen golek erantzun azkarra izan zuten, eta gure nesken jokoa onena izan ez bazen ere, gakoa erantzun azkar horietan ere egon zen. Lau jardunaldi jokatuta neskek hiru puntu dituzte. Hasiera gogorra ari zaie egiten gorrixei eta pixkanaka-pixkanaka jasotzen dituzten golen kopurua murriztu eta puntuak batzen hasi beharrean dira. Golak egiten dituzte, baina bataz beste hiru gol jaso dituzte partidaro orain arte. Datorren astean irabazteko aukera izango du taldek Derioren aurka. Lau jardunalditan puntu bakarra batu du Derioko taldeak, eta Anaitasuna baino bi puntu gutxiagorekin jaitsiera postuetan da. Aurkari zuzenen aurka ezin du hutsik egin Anaitasunak.