Ezin punturik batu, Gasteizen

Aurrera Vitoria 2
Anaitasuna CD 0

28 urteren ondoren itzuli da Anaitasuna Emakumezkoen Euskal Ligara, baina ez du punturik urratu Gasteizko Olaranbe zelaian

Neurketa parekatua izan da Olaranbe zelaian gaur eguerdian jokatutakoa. Halere, golak egin dituena etxeko taldea izan da, eta Aurrera Vitoriarentzat izan dira lehen jardunaldiko hiru puntuak. Aurkariek baino jokatzeko intentzio eta proposamen hobea erakutsi dute neskek, baina ate aurrean izandako abaguneetan kamuts agertu da taldea.

33806880434 5070cd72cb o

Hasierako minutuetan zelaiari eta aurkariari neurria hartu ezinik ibili dira gorrixek, eta joko gutxi erakutsi dute. Etxekoek gure nesken atzelarien bizkarra aurkitu dute behin eta berriz, eta arriskua sortu dute Oihana atezainaren area inguruan. Gola, baina, modurik arraroenean jaso dute gure neskek. Zelai erditik egin dute jaurtiketa etxekoek, eta baloiak zuzenean langaren aurka jo du. Oihana baloia gelditzeko luzatu da, baina langa jota baloiak behera egin du. Botea egin ondoren ate barrurako bidea hartu du baloiak. Golak kolpe handia suposatu du neskentzat, baina lehen zatiaren azken hamabost minutuetan erosoago sentitu dira eta etxekoei mina egin diete hegaletatik. Aukera pare bat sortu dituzte markagailura banako emaitzarekin iristeko.

Bigarren zatira lehen zatiko okerrak zuzentzeko asmoz zelaira da taldea. Aukera garbia izan du Anaitasunak banako berdinketa egiteko, baina 52. minutuan okerrago jarri da egoera. Baloi luze batean ez dira ondo ulertu Anaitasunako erdiko bi atzelariak, eta aurrelariak jaso du baloia. Aurrelariak Oihana atezaina metro bat aurrerago zegoela ikusi duenean area baino lau-bost metro atzeragotik jaurti du atera, eta Oihanaren gainetik pasatuta lortu dute gola. Aurkako bi eta hutsekoa izan arren, azken minutuetan aurpegi ona erakutsi du taldeak. Erasora irauli du jokoa erabat, eta markagailuan aldea murrizteko abagune ederrak izan dituzte. Atepetik baloi bat ere atera dute etxekoek amaitzeko hogei minutu inguru falta zirela.

Datorren asteburuan etxean du hitzordua nesken lehen taldeak. 28 urteren ondoren Azkoitira itzuliko da Euskal Ligako emakumezkoen futbola. Gasteizen egindako okerrak aintzat hartu eta ilusio eta indar berdinarekin egin beharko diote aurre neskek Irungo MariƱo taldeari. Zapatuan jokatuko dute neskek denboraldi berriko etxeko lehen partida.