Urriak 7-8 asteburuko kronikak

Urriak 7-8 asteburuan gure harrobiko taldeek izan dituzten emaitzak laburbildu ditugu kroniketan. Irakurri ondoren, mailaz-maila talde bakoitzaren kronika:

Senior Neskak

Anaitasuna CD 1
Mutriku 0

Bigarren garaipena, eta lidertza

Gure neskek indartsu ekin zioten neurketari, eta hamargarren minutuan markagailuan aurrea hartu zuten Maider Badiolaren golari esker. Ez zen joko handirik ikusi San Juanen jokatutako neurketan, baina orokorrean nagusi izan ziren gorrixek.

Bigarren zatia ere lehenengoaren antzekoa izan zen. Bukaera aldera, ordea, sufritzea tokatu zitzaien neskei. Epaileak atezaina kaleratu zuen 90. minutuan, eta bost minututik gora luzatu zuen partida. Hala ere, atea hutsean mantendu zuten eta hiru puntuak etxean gelditu ziren.

Golegilea: Maider Badiola

Datorren asteburuan atsedena hartuko dute.


 

 1go Erregionala

Anaitasuna CD 3
Eibartarrak 0

Lidertzan da taldea

Lidertza kendu zion Anaitasunak joan den asteburuan Eibartarrak taldeari; Eibarko taldea esku hutsi itzuli zen etxera. Oso ondo sartu ziren gorrixek neurketara, eta baloia zentzu handiz mugituz, bisitarien ate ingurura iristea lortu zuten behin baino gehiagotan. 11. minutuan iritsi zen bat eta hutsekoa. Jon Letamendiak bigarren zutoinean ezker hegaletik etorritako baloia errematatuta sareratu zuen lehen aldiz baloia. Beste hainbat aukera izan zuen taldeak, baina Eibarko atezainak erakustaldi polita eman zuen baloia hainbatetan etetea lortu ondoren. Atsedenaldira bat eta hutsekoarekin joan ziren.

Bigarren zatian ere gogotsu ekin zioten lanari azkoitiarrek, eta bigarren gola lortu zuen Jon letamendiak korner erdiraketa batean. Partidaren kontrola zuten gorrixek eta eibartarrak apenas heltzen ziren gureen atera. Partidak bere horretan jarraitu zuen, aukerarik onenak gureenak ziren, eta 78. minutuan heldu zen hirugarren gola. Ander Pastrianenk areaz kanpoko jaurtiketa baten ondorioz lortu zuen azken hiru eta hutsekoa. Ez zen gehiagorik izan San Juan zelaian.

Golegileak: Jon Letamendia (2) eta Ander Pastrian

Asteburuan Urki jasoko dute San Juanen (zapatua, 16:30).


 

Ohorezko Jubenilak

Tolosa 1
Anaitasuna CD 3

Tinko jarraitzen dure Ohorezko Jubenilek

Laugarren partidan laugarren garaipena lortu zuten Ohorezko Jubenilek. Neurketa ez zuten ondo hasi, markagailuan atzetik aritu beharrean aurkitu baitziren. Hamargarren minutuan etxekoen aurrelaria Xabi atezainaren aurrean bakarrik geldituta, ondo gainditu zuen.

Taldeari kostatu egin zitzaion partidara sartzea, eta zelaira egokitzea. Ordu erdia pasatu eta gero lortu zuen Anaitasunak neurketa orekatzea, eta oreka horren ondorioz iritsi zen banako berdinketa. Atsedenaldia iritsi aurreko jokaldian, Ekainek baloia lapurtu, areara erdiratu, eta Garmendiak gola.

Bigarren zatian nagusi izan ziren gorrixek. Neurketa erabat aldatu zen. Tolosa pare bat aldiz iritsi zen Anaitasunari min egitera, lehena hasi eta berehala, gainera. Epaileak etxeko taldeari penaltia oparitzea erabaki zuen, baina atepean zen Xabik, debut egunean, bikain igarri zion jaurtiketa jaurtitzaileari, eta baloia gelditzea lortu zuen. Bigarren aukera Xabier Azkoitiak atepetik aterata ekidin zuen.

Mutilek aukera asko eduki zituzten ondoren. Lau aldiz egin zuten topo Tolosak defendatzen zuen atearen zutoinekin, baina kostata, merezitako saria lortu zuten. 80. minutuan, Garmendiaren erremateak langa jo zuen, eta adi zegoen Gorka Larrañagak bat eta bikoa egitea lortu zuen. Handik lau minutura, berriz, gureen hirugarrena iritsi zen. Berriz ere Gorka Larrañaga izan zen protagonista. Buelta erdian, lurrera erortzear zela erreamatatu zuen baloia, eta garaipena emango zion bigarren gola lortu zuen.

Golegilea: Garmendia, Gorka Larrañaga (2)

Asteburuan Urola hartuko dute San Juanen (zapatua, 12:00).


 

Ohorezko Kadete Mutilak

Anaitasuna CD 1
Ilintxa 1

Berdinketa estua

Ondo sartu ziren neurketara mutilak. Baloia ondo ibili zuten zelaian, eta arriskua sortzen hasi ziren. 15. minutuan lortu zuten bat eta hutsekoa. Inharrek abiadura bizkortuta, area kanpotik jaurtiketa egin zuen, eta atezainak lagunduta, baloiak ate barruan amaitu zuen.

Ilintxa zuzen jokatzen hasi zen ondoren, eta gureen hutsak baliatuta aukerak egiten hasi zen talde bisitaria. Bigarren zatira ez ziren lehen zatira bezain ondo sartu gure mutilak, eta kanpokoen jokoan erori ondoren, hogei minuturen falta lortu zuten banakoa falta jaurtiketa batean. Amaierara bitartean bi ateetan izan ziren aukerak, baina bere horretan amaitu zen San Juanen jokatutako partida.

Golegilea: Inhar Subinas

Asteburuan Real Sociedaden aurka arituko dira (zapatua, 10:30). Neurketa hori Real Sociedaden Youtube kanalaren bitartez zuzenean ikusteko aukera egongo da.


 

Ohorezko Kadete Neskak

Anaitasuna CD 3
Urola 1

Lehen garaipena, hirugarrenean

Partida lasai samarra zuten printzipioz Ohorezko Kadete Neskek, eta euren jokoa erakusteko erronkarekin zelairatu ziren. Gorrixek izan zuten baloia ia neurketa osoan; Urolako jokalariek ezin izan zuten gure nesken jokoa gelditu, eta faltak egin beharrean aurkitu ziren. Horrela iritsi ziren lehen bi golak. Josunek lortu zuen bat eta hutsekoa falta jaurtiketa zuzenean sareratu ostean, eta Ziharak lortu zuen bigarrena, hegaleko falta bat errematatuta.

Bigarren zatian Urolak beste abiadura bat jarri zion bere jokoari, eta aldea murrizteko gola egitea lortu zuen Zumarragako taldeak. Gorrixek defentsako lerroan akatsa egin zuten. Gureek, baina, aurrera jarraitu zuten, denboraldiko lehen garaipenaren bila, eta jokaldi polit bat lotuta iritsi zen hiru eta batekoa. Haizeak hegalean baloia hartu, defentsak atzean utzi, eta Leireri eman zion baloia gola egiteko. Aurrean zuten azterketa nota onarekin gainditu zuten Ohorezko Kadete Neskek.

Golegilea: Josune, Zihara eta Leire

Asteburuan Hondarribiaren aurka jokatuko dute Ondartza zelaian (igandea, 12:00).


 

1go Kadeteak

Eibartarrak 2
Anaitasuna CD 7

Garaipen erosoa

Neurketa eroso hasi zuten, baloiaren jabetzarekin, eta kontrol horri probetxua atera zion taldeak. Halere, etxekoak azkarrak izan ziren, eta gure mutilek neurketaren hasieran egindako huts bat aprobetxatu zuten bat eta hutsekoa lortzeko. Gola jaso arren, gureek euren futbola egiten jarraitu zuten, eta horrela area ertzetik banako berdinketaren gola lortu zuen Javier Letek. Taldeak jarrera berdinarekin jarraitu zuten jokoan, eta segituan, korner jokaldi batean, bat eta bikoa lortu zuen Javier Letek. Atsedenaldira iritsi aurretik ere izan zuten beste bat egiteko betarik. Eneko Sarasuak eskuin hegaletik sartuta lortu zuten gorrixek bat eta hirukoa.

Bigarren zatia lehena baino erosoagoa izan zen gureen intereserako. Patxadaz hartu zuten neurketa, eta pixkanaka golak sartzen joan ziren, bat eta seikoa egin arte. Luken Quintana, Eritz Etxaniz eta Eritz Jacinto izan ziren golegileak. Eibartarrek, ordea, euren bigarren gola egitea lortu zuten urrutiko falta jaurtiketa batetik, eta amaitzeko, berriz ere Luken Quintanak, Anaitasunaren goizeko zazpigarrena lortu zuen.

Golegileak: Javier Lete (2), Luken Quintana (2), Eritz Etxaniz, Eritz Jacinto eta Eneko Sarasua

Asteburuan Aloña Mendi B taldearen aurka arituko dira Azkoagain zelaian (zapatua, 12:00).


 

Ohorezko Infantilak

Elgoibar 2
Anaitasuna CD 3

Jokoa sakontze bidean, bigarren garaipena

Ohorezko Infantilek egin nahi duten futbol jokoa sakontzen eta lantzen jarraitzen dute, eta horrek fruituak eman zituen Elgoibarko Mintxeta zelaian. Proba gogorra zuten, batetik aurkariagatik, eta bestetik zelaiaren neurri handiengatik. Neurketara, ordea, sar zitekeen modurik txarrenean sartu ziren. Atzeko lerroan egindako huts errepikaezin baten ondoren egin zuen gola etxeko taldeak. Halere, burua inoiz baino harroago altxatuta, aurkaria baino gehiago zirela erakutsi zuten gorrixek.

Atzetik aurrerako futbol joko ona eginda, aukera batzuk egin zituzten mutilek aurrez, baina zazpigarren minutuan lortu zuten berdinketako gola. Atzetik atzelarien bizkarra aurkituz pasea egin zuten gure erdiko atzelari batek, eta Unai Azkunek area barruan ondo gurutzatu zuen jaurtiketatik berdindu zuen neurketa.

Lehen zatian Elgoibarrek baino futbol hobea egin zuen Anaitasunak; agian, une batzuetan behar baino arrisku gehiago hartu zituzten mutilek, baina etxekoen ate-eremua sarritan zapalduz nagusitasuna erakutsi zuten azkoitiarrek. Nahiz eta irabazten joateko merituak egin, atsedenaldira banako berdinketarekin joan ziren.

Atsedenalditik bueltan, lehen zatiko akatsak zuzendu zituen taldeak, eta Ekaitz Alberten eta Jokin Larrañagaren gol ikusgarri baten bitartez bideratu zuten partida. Halere, amaierarako 15 minuturen falta bi eta hirukoa egin zuten etxekoek; Anaitasunak baloia aurkariei eman zien, eta inertziaz atzean sartu ziren. Hori horrela izanik, nahi eta behar baino gehiago sufritu zuten bigarren jardunaldian ere garaipena lortzeko. Joan den zapatuko neurketak ere, ikasgai bezala balio behar die mutilei.

Golegilea: Unai Azkune, Ekaitz Albert eta Jokin Larrañaga

Asteburuan Eibar taldearen aurka arituko dira San Juanen (igandea, 12:00).


 

Infantil Txiki

Anaitasuna CD 0
Eibar 9

Beste maila bateko aurkaria

Ezer gutxi esan daiteke larunbateko partidaz. Maila desberdinean jokatzen dutela diruditen bi talde aurrez aurre aritu ziren elkarren aurka, eta nahiz eta aurkari gogorra espero zuteen gureek, halako desorekarik ez zuten inondik inora espero.

Partidako lehia guztietan gehiago zirela erakutsi zuten armagiñek, hasiera-hasieratik, beraien nagusitasuna isladatuz zelaian. Gureek, burua altxatu eta norgehiagoka horrekin ahaztu beharra dute biharko partida garrantzitsua prestatu ahal izateko.

Asteburuan Elgoibarren aurka jokatuko dute Mintxeta zelaian (zapatua, 10:00)