Hondarribiarako deialdia (Larunbata, 17:30)

Ohorezko Maila iritsi da azkenera. Gure mutilek bihar arratsaldeko 17:30ean hasita, Hondarribiaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Denboraldi zoragarria egin du Igor Quindosek zuzendutako taldeak eta azken jardunaldi honetara Hirugarren Mailara igotzeko aukerekin iritsi da.

Ez da erraza izango igoera gauzatzeko Anaitasunak behar dituen emaitzak ematea, baina esperantzaren iturritik itxaropen tantak erortzen diren bitartean, lanean, borrokan jarraitu beharko dute gureek ilusioz gainezka diren herritarren ametsak egia bihurtzeko. Hondarribian Anaitasunak irabazi eta handik kilometro gutxira dagoen Stadium Gal zelaian, ordu berean hasiko den partidan, Real Unionek Tolosari irabaztea behar dute gorrixek datorren denboraldian Hirugarren Mailan jokatu ahal izateko.

Jarraitzaile asko Hondarribiara

200 zalek baino gehiagok animatuko dituzte jokalariak harmailetatik. Klubak lau autobus jarri behar izan ditu jendeak egindako eskariari erantzuteko. Ausartenek goizetik jantziko dute Hondarribia gorriz. 11:30ean bi autobus aterako dira Liburutegiko geltokitik, 100 lagundik gora izan baitira goizeko autobuserako izena eman dutenak. Arratsaldean, berriz, beste hainbeste izango dira Anaitasunaren kamiseta gorria soinean jantzi eta harmailak alaituko dituztenak. Bere kabuz edo autoz joango direnak ere asko izango dira eta beste behin inon dagoen afiziorik onena gurea dela erakutsiko digute.

Pasa den astean Oriokori sei gol egitetik dator taldea, eta beraz mutilak egoera onean dira biharko egunerako. Aste honetan ere hiru lan saio egin dituzte, hirurak Txerloiako futbol zelaian. Gaurko azken entrenamenduaren ostean eman du Igor Quindos entrenatzaileak Hondarribiarako zerrenda.

Deialdia:

Atezainak: Xuban, Gorka Osa

Atzelariak: Zulaika, Godoy, Beitia, Markel, Izagirre, Joritz

Erdilariak: Unai, Landa, Mikel Pastrian, Xabi, Aramendi, IƱigo Arzalluz, Oier Elorza

Aurrelariak: Mikel Arzalluz, Ander, Mendizabal