Harrobiaren kronikak (2015 - 10 - 10/11)

Jubenil eta Kadete neskek lortutako garaipenek harrobiaren asteburu gaziari gozotik eman zioten. Jubenilen mutilei azken unean partida berdindu zieten. Ohorezko kadete mutilek, berriz, azken unean hiru puntu lortzetik ezer gabe bueltatu ziren Bergaratik. Kadeteen 1go mailako mutilek punturik batu gabe jarraitzen dute Infantil Txikiek bezala, eta Ohorezko infantil mutilek partida serioa eginda puntu bat lortu zuten.

Jubenilen Euskal Liga

Ermua 2
Anaitasuna CD 2

Hasieran ontzat ematen zuten puntua gazi bilakatu zen amaieran Euskal Ligako Jubenilentzat

Sailkapenean hirugarren postuan zegoen aurkaria bisitatu zuten Jubenil mutilek larunbatean. Hasieratik partidan eroso sentitu zen taldea eta neurketari sendo ekin zion, baloia ondo jokatuz eta aukera batzuk sortuz. Azken finean Ermua baino gehiago zirela erakutsi zuten. 20. minutuan Julen Aramendik egindako jokaldi bikain batean ondoren, Patxik baloia ermuarren atean sartzea lortu zuen. Hirugarren astez jarraian gola egitea lortu zuen Ermuan Patxik.

Etxekoek ez zuten erreakzionatu, eta Anaitasunak ordura arte bezala jardun zuen. Horrela, atsedenaldira iritsi aurretik, huts eta bikoa egitea lortu zuen Anaitasunak Julen Aramendiren bitartez Hirugarren astez jarraian gola egitea lortu zuen larunbatean honek ere.

Bigarren zatiaren hasiera ez zen txarra izan gureen intereserako. Ermuarrak ez ziren ari minik egiten eta defentsan ondo kokatuta zegoen taldea, baina 10 minutu nahikoa izan ziren partida aldatzeko, Ermuak gola egin baitzuen. Golaren ostean etxekoak bigarrenaren bila joan ziren, baina gureek defentsan sendo jarraitu zuten partida amaitzeko bi minutu falta ziren unera arte. Zorte txarreko jokaldi batean binakoa egitea lortu zuten ermuarrek.

Burumakur itzuli ziren gureak etxera, baina puntuak batzen jarraitzen dute gureek eta sentsazio ona ari da ematen taldea. Hurrengo jardunaldian, larunbatean, Lengokoak jasoko dute Txerloian arratsaldeko 17:00etan.

Jubenil Neskak

Anaitasuna CD 4
Oiartzun 0

Jokatutako hiru jardunaldiak irabazi ostean lidertzan dira Jubenil neskak

Ez zion ondo ekin neurketari taldeak eta zalantza erakutsi zuen une batzuetan. Hala ere, pixkanaka partidan sartu eta Oiartzungo taldea kontrolpean hartzea lortu zuten lehen zatiaren amaierarako.

Bigarren zatian lasaiago zelairatu zen taldea eta gure neskek beraien jokoa erakusteko aukera izan zuten. Zelai erdiko jokalariek menpean izan zituzten oiartzuarrak eta honez gain, kontraerasoetan aukerak sortu eta min egitea lortu zuten.

Golegileak: Ane Juaristi (2), Oihane Ucin eta Irantzu Albizuri

Datorren jardunaldian mailako honetan aurkituko duen aurkari gogorrenetakoa, Tolosa izango dute aurrean larunbat arratsaldeko 17:30etan.

Ohorezko Kadete mutilak

Bergara 3
Anaitasuna CD 2

Hiru puntu lortzetik ezer ez lortzera pasatu ziren Kadete mutilak partidako azken minutuetan

Zortea ez zuten lagun izan gureek Bergaran ere. Etxekoak sendo irten ziren zelaira eta hasieran minutu onak izan zituzten, baina neurketak aurrera egin ahala gureak zelaian kokatu eta min egiten hasi ziren. Patxadaz hartutako lehenengo jokaldietako batean egin zuen Anaitasunak gola. Emmanuelek ezker hegalean zelai erdi inguruan hartu zuen baloia eta kontrolarekin barrura eginez urrutitik jaurtiketa indartsu batekin aurretik jarri zuen Anaitasuna. Atsedenaldira bitartean gure mutilak nagusi izan ziren eta nahiz eta aukera gehiago ere izan zituzten bigarrena egiteko, huts eta bateko emaitzarekin joan ziren aldageletara.

Bigarren zatian etxekoek sendo ekin zioten eta gure atzelari batek atezainari egindako atzeranzko pase batean argi ibili zen etxekoen jokalari bat baloia ostu eta banakoa ezartzeko. Gure mutilek ez zuten jakin gol horri erantzuten eta asko kostatu zitzaien aurrera egitea. Bergarak bigarren golaren bila jarraitu zuen, baina lortzen ari ez zirena epaileak oparituta egin zuten. Penaltirik ez zegon lekuan penaltia adierazi eta bi eta batekoa egin zuten.

Gure mutilek ezinbestean egin zuten aurrera eta etxekoak 10 jokalarirekin gelditu zirela baliatuta binakoaren bila lanean segi zuten. Baita lortu ere, Mattin Martinek falta bat baliatu baitzuen burukada sareetara bidaltzeko. Ondoren, futboleko minutu eroak iritsi ziren. Epaileak Emmanueli egindako penalti argia adierazi zuen eta Emmanuel bera izan zen jaurtitzeko ardura hartu zuena. Bergarako atezainak, zoritxarrez, nabaritu egin zion jaurtiketa.

Zortea ere ez zuten lagun izango gureek hurrengo minutuan gertatu zen jokaldian. Gorka Larrañagari kamisetatik heldu zion etxeko jokaldi batek falta garbia eginez, baina epaileak ez zuen ezer adierazi, Gorkari baloia lapurtu eta jokaldi horretan bertan hiru eta bikoa egin zuten etxekoek.

Hurrengo jardunaldian Lazkao jasoko dute San Juanen larunbat eguerdiko 12:00etan.

Ohorezko Kadete neskak

Santo Tomas Lizeoa 1
Anaitasuna CD 2

Etxetik kanpo lortu dute lehen garaipena Ohorezko Kadete neskek

Partida txukuna jolastu zuten gure neskek eta asko sufritu bazuten ere, hiru puntuak etxeratzea lortu zuten. Hasieratik jokoan nagusi izan ziren gureak eta modu horretan iritsi zen huts eta batekoa Maria Juaristiren golarekin.

Bigarren zatia hastearekin batera, banakoa egin zuten donostiarrek. Gure neskak ez ziren kikildu eta erasoan gogor jarraitu zuten. Aukera ugariren ondoren partida bukatzeko hiru minuturen faltan, berriro Maria izan zen atea zulatzea lortu zuena bat eta bikoa ezarriz.

Bide onetik doaz neskak, joku ona eta sasoi polita erakutsiz. Datorren jardunaldian etxean, San Juanen jokatuko dute Intxaurdiren aurka larunbat arratsaldeko 15:30etan.

Kadeteen 1go maila

Zestoa 3
Anaitasuna CD 1

Kadeten 1go mailako mutilek beste jardunaldi bat itxaron beharko dute lehen puntuak batzeko 

Lehen zatian bi taldeek ez zuten aukera garbirik izan eta bi taldeetako inor ez zen gai izan partidaren kontrola hartzeko. Hala ere 30. minutuan zestoarrek gola egitea lortu zuten eta bat eta hutseko markagailuarekin joan ziren atsedenaldira.

Anaitasunak lehen zatian egin ez bezala, serio eta sendo ekin zion bigarren zatiari, eta berehala banakoa egitea lortu zuten Zuhaitz Garateren golari esker. Jarraian Anaitasunako Iker Moto jokalariari egindako penalti garbi bat ere egon zen, baina epaileak ez zuen ezertxo ere adierazi. 15 minuturen faltan, berriz, zestoarrek bi eta batekoa egin zuten area ertzetik egindako falta jaurtiketa batetik eta bost minuturen faltan etorri zen hiru eta batekoa.

Anaitasunako Kadeteen 1go mailako mutilek garaipenik lortu gabe jarraitzen dute, baina agerikoa da taldea bere jokoa hobetzen ari dela. Hurrengo jardunaldian Ikasberriren aurkako derbia izango dute larunbat goizeko 10:00etan.

Infantilen Ohorezko maila

Anaitasuna CD 0
Bergara 0

Historia gutxiko neurketa izan zen larunbat arratsaldekoa

Partida hastearekin batera urduritasuna nabari zen zelaian. Lehenengo zatian ez zuten aukera handiegirik sortu bi taldeek eta atsedenaldira hutsean iritsi ziren.

Bigarren zatian indartsu irten zen taldea berdegunera aldaketa batzuk egin ostean, baina Bergara zerbait gehiago izan zen San Juanen. Bi taldeek lehen zatian izan ez zituzten gol-aukerak egin zituzten hiru puntuak lortzeko, baina azkenean puntu banaketarekin amaitu zen neurketa.

Datorren jardunaldian Aloña Mendiren aurka neurtuko dituzte indarrak larunbat goizeko 11:30etan.

Infantil Txiki

Anaitasuna CD 0
Eibar 5

Eibarrek joko onaren bitartez hiru puntuak lortu zituen San Juanen larunbat goizean

Hotza izan zen nagusi San Juanen jokatu zen neurketan. Gaztetxoak gogotsu irten ziren zelaira, baina aurkariek beste maila bat dutela erakutsi zuten. Lehen zati kaskarra egin zuten gure mutilek, denbora guztian baloiaren atzetik eta gaizki kokatuta egon zirelako, baina bigarren zatian beste sentsazio bat eman zuten.

Huts eta batekoarekin joan ziren aldageletara, baina bueltan azkoitiar kasta atera zuten nahiz eta Eibarren golak gureek egindako akatsetatik etorri ziren. Futbolean saiatu ziren gureak, baina oraindik gaztetxoak dira eta ikasteko garaian daude. Ahalegina egin eta duten izaera erakusten badute, ez dago gehiago eskatzerik.

Entrenatzaileak harro gelditu ziren egindako partidarekin, bigarren zatian izandako eraldaketarekin eta badakite lana eta esfortzuarekin gauzak hobetu ditzaketela. Konfidantza izateko eskatzen diete mutilei, futbolean bai baitakite.

Hurrengo partida Amaikak Bat taldearen aurka izango dute igandeko goizeko 11:00etan.