Harrobiaren asteburua

Denetik gertatu zen pasa den asteburuan harrobian. Jubenil mailan bai mutilek eta bai neskek beraien partidak irabaztea lortu zuten. Kadeteetan, aldiz, biek porrot. Mutilek Lagun Onaken aurka galdu zuten San Juanen, eta neskek Hernaniren aurka. Infantil mailan, azkenik, Ohorezko infantilek garaipena lortu zuten Aretxabaletan, eta Infanti Txikiak azken unean punturik gabe gelditu ziren Zumaian.

Jubenilen Euskal Liga

Anaitasuna CD 3
Santutxu B 2

Denboraldiko bigarren garaipena lortu zuten Txerloian Euskal Ligako Jubenilek

Urduritasun handiko partida izan zen, Santutxuk Liga Txapelketari hasiera ona eman dio eta neurketa zaila aurreikusten zuten gureek. Bizkaitarrak baloia atzetik ateratzeko helburu garbiarekin zelairatu ziren Txerloiara, baina gureek ere baloi gosea erakutsi zuten eta oreka izan zen nagusi hasierako minutuetan. Santutxuk ordea aurretik jartzea lortu zuen.

Handik minutu gutxira, kanpoko jokalari batek ukabilkada bat eman zion Gorkari bizkarrean eta epaileak ikusi eta txartel gorria atera zion. Gizon bat gehiagorekin arituko ziren beraz gure mutilak partida amaierara arte. Egoera honek partida goitik behera aldatu zuen. Pare bat aukera izan zituzten Iker Epelderen mutilek, baina atsedenaldira atzetik iritsi ziren.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Xubanek banakoa egin zuen eta momentu ona baliatuz Julen Aramendik bigarren astez jarraian falta jaurtiketa bat baliatu zuen Anaitasuna aurretik jartzeko. Arnasaren gola, ordea, hiru eta batekoarekin etorri zen. Patxik egin zuen Anaitasunarentzako hirugarren gola.

Santutxuk gauzak estu jarri zizkion, amaiera aldera bigarren gola egin baitzuen, baina zorionez ez zen gehiagorako betarik izan Txerloian eta hiru puntu garrantzitsu etxean gelditu ziren. Hurrengo larunbatean Ermuaren aurka jokatuko dute Teodoro Zuazua futbol zelaian arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Jubenil Neskak

Mariño 1
Anaitasuna CD 6

Bigarren jardunaldian ere garaipena lortu zuten Jubenil Neskek Irunen

Hasiera batean markagailuak esaten duena baino gehiago saiatu behar izan zuten gure neskek. Irundarrak neska handiak eta indartsuak ziren eta futbolean jokatzen ere bazekiten.

Gure neskak, ordea, indar eta gogo handiarekin zelairatu ziren. Ondo jokatu zuten eta arriskua sortu zuten Mariñoren ate inguruan, eta markagailuak erakusten duen bezala golen bitartez beste hiru puntu batzea lortu zuten.

Golegileak: Irantzu Albizuri, Maider Badiola (2) eta Oihane Ucin (3)

Ohorezko Kadete Mutilak

Anaitasuna CD 2
Lagun Onak 3

Golpe gogorra azpeitiarren aurkako derbian

Oreka handiko derbia izan zen, baina azpeitiarrek beraien aukerak ezinhobeto baliatu zituzten hiru puntuak Azpeitira eramateko. Hala ere, Anaitasuna izan zen aurrea hartu zuena. 17. minutuan Emmanuel Guerrak bigarren zutoinean bakarrik ezkerrez egin zuen errematea, bat eta hutsekoa egiteko. 28. minutuan, berriz, banakoa etorri zen. Urruneko jaurtiketa batean ezustean harraptu zuen Anaitasuna guztia zelai erdiko jokalariak.

Kadete mutilek aurreko astean Ordizian egin bezala, lanean segi eta erantzuteko gaitasuna dutela erakutsi zuten eta hurrengo jokaldian berriz ere aurretik jartzea lortu zuten. Mikel Barkerok jokaldi paregabea egin zuen hainbat atzelari atzean utziz, eta gola oparitu zion Unai Ucini. Aurrelariak ez zuen barkatu eta atsedenaldira aurretik joatea lortu zuten.

Atsedenalditik bueltan gauzak erabat aldatu ziren San Juanen. Lagun Onakek jokoan baino gehiago markagailuak bultzatuta aurrera egin zuen eta 50. minutuan partida berdintzea lortu zuen atzetik aurrera eginez area ertzetik egindako golari esker. Anaitasunak izan zituen berriz ere aurretik jartzeko aukerak, baina azken metroetan ez ziren fin ibili. Amaitzeko minutu gutxi falta zirenean, azpeitiarrek hiru puntuak emango zizkien gola egin zuten, bigarren golaren antzeko jokaldi batean.

Hiru jardunalditan puntu bakarra batu dute, baina merezi dutena baino gehiagoko zigorra ari dira jasotzen. Datorren jardunaldian igandean jokatuko dute Bergarako Ipintza futbol zelaian arratsaldeko 18:30etan.

Ohorezko Kadete Neskak

Anaitasuna CD 0
Hernani 2

Oraingoan ere ezin izan zuten gure neskek garaipena lortu nahiz eta partida ona jokatu

Neurketa hasi bezain laster, Anaitasunako neskak irabazteko gogoarekin irten zirela garbi ikusi zen. Aukera politak izan zituzten, baina Hernani izan zen gola egitea lortu zuena, atzeko lerroan eginiko huts baten ondorioz. Ordura arte izandako aukera bakarrenetakoan, atsedenaldira huts eta batekoarekin iristea lortu zuten.

Bigarren zatian, berriz, aldaketak egin eta berriro Anaiasunako neskak jokoan gehiago zirela erakutsi zuten. Aukera ugari izan zituzten, baina oraingo honetan ere baloiak ez zuen hernaniarren atean sartzerik nahi izan. Horrela, etxeko taldea guztiz aurreratuta zegoen jokaldi batean, kanpokoek beraien aukera aprobetxatu eta bigarren gola egin zuen.

Emaitzak ikusita, badirudi arerioak hobeagoak izan zirela, baina Anaitasunako neskei kosta egiten zaie. Ondo egokitu dira txapelketaren neurrietara, jokoa egiten asmatzen dute, baina baloia ate barruan sartzea falta zaie.

Datorren jardunaldian Santo Tomas Lizeoaren aurka jokatuko dute larunbat arratsaldeko 13:45tan.

Kadeteen 1go maila

Anaitasuna CD 1
Eibartarrak 3

Partida orekatua izan zen arren, eibartarrek lortu zuten garaipena

Nahiz eta amaierako bat eta hiruko markagailuak aldea egon zela erakusten duen, jokoan ez zen alderik izan bi taldeen artean. Lehen zatiari sendo eta serio ekin zioten Anaitasunako mutilek eta gola egiteko aukerak ere izan zituzten. Hala ere huts eta batekoarekin joan ziren aldageletara, kontraeraso batean gola egitea lortu baitzuten kanpokoek.

Bigarren zatian ere lehengo lepotik burua. Anaitasuna ondoen ari zen unean, Eibartarrak taldeak bigarren gola egitea lortu zuen. Hala ere gorrixek ez ziren kikildu eta Mikel Espinako kapitainak penalti bidez aldea murriztu zuen. Anaitasunak izan zituen bere aukerak, baina ez zen fin ibili eta partida azkenetan zela eibartarrek hirugarren gola egitea lortu zuten.

Kadeteen 1go mailako mutilek lehen jardunaldi hauetan ez dute punturik batzerik lortu, baina taldea goraka doa eta hobekuntza horrek laster jasoko du bere saria.

Datorren jardunaldian Zestoako Iratea futbol zelaian jokatuko dute larunbatean, goizeko 11:00etan.

Ohorezko Infantil Mutilak

Aretxabaleta 1
Anaitasuna CD 3

Txapelketako lehen jardunaldian garaipena Ohorezko Infantilentzat

Lehengo zatia hasi eta berehala bi aukera garbi izan zituzten etxekoek. Ondoren, ordea, gure mutilen gola izan behar zuen jokalditik etxekoena etorri zen. Aldaratze batean Aretxabaletak sartu zuen gola eta horrela atsedenaldira bat eta hutseko emaitzarekin iritsi zen neurketa.

Ondoren indartsu irten zen taldea eta bost minutu pasatzerako, gol zoragarria sartu zuen Unai Sarriegik. Golaren ostean taldea hazi egin zen eta bigarrenaren bila joan zen. 20 minuturen faltan, Jokin Errazuk falta bikain baliatu zuen, sareetara bidali baitzuen baloia bat eta biko emaitza jarriaz. Ondoren Aretxabaleta izan zen aurrera egin zuena berdinketa lortzeko helburu garbiarekin, baina bost minutu falta zirela kontraeraso bati esker Inhar Subinasek eginiko golak jarri zuen azken bat eta hiruko emaitza.

Lehen hiru puntuak batuta asteburu honetan beste neurketa bat izango dute, oraingoan San Juanen arratsaldeko 15:30etan Bergararen aurka.

Infantil Txiki

Zumaiako 4
Anaitasuna CD 3

Punturik gabe gelditu ziren gureak txapelketako lehen jardunaldian

Hasi eta berehala Joanes Davilak jokoan jarritako korner batean egin zuen gola Anaitasunak. Zumaiar batek bere atean sartu zuen baloia urruntzen ari zela. Hasierako minutuetan taldea ondo kokatu zen Aita Mari zelaian, baina lehen zatiko azken minutuetan Zumaiakok aukera asko izan zituen eta bi gol egitea lortu zuen. Lehena atezainaren aurrean bakarrik zela egin zuten eta bigarrena penalti bidez, Anaitasunako jokalari batek eskuarekin baloia area barruan ukitu zuela adierazi baitzuen epaileak.

Bigarren zatian joko zuzena izan zen ardatz Anaitasunaren partetik. Atzelarien bizkarrera sartutako baloietatik arriskua egin zuten gureek, aurkarien atzelariak baino biziagoak izan baitziren gure aurrelariak. Antzeko jokaldi batean Julen Motok atezainaren aurrean gelditzea lortu zuen eta binakoa egin zuen. Zumaiarrak aukera asko ari ziren izaten, baina baita huts egiten ere. Anaitasunak hori baliatu zuen hirugarren gola egiteko. Baloi luze batean Eritz Jacintok jaso zuen baloia eta atezaina aurreratuta ikusi zuen  baloia loratu eta bi eta hirukoa egiteko.

Amaieran etxekoak itsu-itsuan golaren bila joan ziren eta baita asmatu ere. Lehena ezker hegaletik egindako nahigabeko jaurtiketa batetik jaso zuen taldea, eta azken lau eta hirukoa atezaina atzean utzi ostean egin zuen Zumaiakok. Anaitasunak azken aukera bat izan zuen neurketa berdintzeko, baina atezainak bere egin zuen baloia.

Datorren larunbatean Eibar jasoko dute San Juanen goizeko 10:00etan.