Esperantzaren iturria ireki duen puntua

Cultural Durango 0
Anaitasuna CD 0

Anaitasunak balio handia duen puntua lortu du Durangoko Tabira zelaian, eta sei partidaren ostea, bolada txarrari agur esan dio

Hirugarren Mailako talde handienetako baten etxean lortu du Anaitasunak bere bolada txarra agurtzea. Taldea sendo agertu zen defentsa lanean, eta aukera gutxi utzi zizkion neurketa guztian jokoaren ekimena eman zuen Cultural Durango taldeari. Aspaldiko partez puntu bat batuta, taldeari esperantzarako iturria ireki zaio, eta era berean, indarberrituta atera da datozen asteetara begira.

IMG 5844

Lehen zatian ez zen aukera garbirik izan. Durangok alde batetik bestera mugitu zuen baloia espazioen bila, baina Anaitasuna bere zelaian batuta egon zen uneoro, eta nahi zutena egiteko aukera gutxi izan zuten durangarrek. Gorrixek kontraerasora irteteko moduko neurketa zuten, baina ez zuten era horretan min gehiegirik egin. Erasoan oso presentzia gutxi izan zuten gureek. Etxekoek joko erasokorra aurkeztu zuten Anaitasunaren aurkako neurketan. Mutilei hasieran zerbait kostatu baldin bazitzaien ere, minutuek aurrera egin ahala erosoago aurkitu ziren zelaian. Durangoko taldeak aukera bat izan zuen aurretik jartzeko, baina ez zen ezer garbirik izan, ez gureak ondo estutzeko modukoa behintzat.

Bigarren zatian, aukera garbiagoak izan zituen etxeko taldeak. Area ertzeko jaurtiketa batean esku ona atera zuen Arruti atezain oriotarrak. Hori 57. minutuan izan zen. Handik bi minutura, durangarren garbiena iritsi zen. Orioko atezainaren ate eremutik kanpo egindako beste jaurtiketa batean, baloiak eskuin zutoinean jo zuen, eta ondoren kanporako bidea hartu, zorionez.

Azken minutuetan gogor bultzatu zuten bizkaitarrek, eta Anaitasuna bere zelaian sartuta, ahalik eta pilatuen egon zen. Halere, amaitzeko minutu gutxiren falta, etxekoak area kanpotik saiatu ziren birritan. Lehena zutoinaren ondotik kanpora bota zuten, oso gutxigatik; bigarrenean, Arrutik eskua luzatu eta baloia gelditzea lortu zuen. Luzapeneko minutuak zoroak izan ziren. Joan-etorri ugari egin zituen talde batek zein besteak, eta Julen Iriartek, kontraeraso horietako bat mozten hasita, txartel gorria ikusi zuen. Sarrera gogorra egin zion atzetik aurrelariak Durangoko jokalari bati, eta epaileak ez zuen segundo bakar batean ere zalantzarik izan kolore gorriko txartela erakusteko.

Kontuak kontu, Anaitasunak puntu ona batu zuen zelai konplikatu batean. Datorren astean, Durangon eskuratutako puntua ontzea tokatzen zaie gorrixei. Somorrostro taldea hartuko dute igandean, Txerloian. Bolada onean murgilduta da Muskizko taldea; azken bost jardunalditan hiru garaipen eta bi berdinketa batu dituzte-eta.

?  Ikusi bideo laburpena


Fitxa teknikoa:

Cultural Durango: Errasti, Txopitea, Portillo, Varela, Aranda, Molina, Alonso (60. min, Pradera), Arizmendiarrieta (20. min, Egaña), Ruiz (72. min, Uribesalgo), Cenitagoya, Alberdi.

Anaitasuna: Arruti, Diez (81. min, Godoy), Sergio, Markel Moya, Landa, Unai, Iñigo Arzalluz, Aramendi, Mikel Arzalluz (76. min, Iriarte), Ander (88. min, Mikel Pastrian).

Epailea: Sanchez Asla epailea, Mijares eta Cano marrazainek lagunduta. Cultural Durangotik txartel horia ikusi zuten, Alonsok, Molinak, Txopiteak, Alberdik eta Portillok. Elguezabalek bi txartel hori ikusi zituen aulkian, eta kaleratua izan zen. Anaitasunatik, berriz, txartel horia ikusi zute, Unaik, Landak, Iñigo Arzalluzek eta Markelek. Iriartek txartel gorria ikusi zuen.