Erreakziorik ez

Anaitasuna CD 0
Sestao River 1

Neurketa ona burutu zuen taldeak Sestao Riverren aurka, baina seigarrenez jarraian saririk gabe gelditu ziren

Azken asteetako gidoia izan zuen bizkaitarren aurkako neurketak ere. Anaitasunak aurkariak baino joko hobea egin arren, hori nahikoa ez dela agerian gelditu zen beste behin. Aukerak sortzea ikaragarri ari zaie kostatzen gorrixei, eta jada ligako gol gutxien egiten dituen taldea bihurtu da. Markel Eskurtzak bere atean egindako gola berdintzeko zorian izan ziren mutilak; azken hatsean, Arruti atezainak bere oinetan izan zuen banakoa.

Anai-SR

Lehen zatia grisa izan zen. Joko eskasa ikusi zen berdegunean, eta aukerak ere kontatutakoak izan ziren. Anaitasunaren garbiena Mikel Pastrianek izan zuen. Area barruan errematatzaile bat baino gehiago zeuden arren, Pastrian anaietako zaharrenak buruz errematatzea erabaki zuen; behartuta iritsi zen errematera erdilaria, eta bere burukada atetik pare bat metrotara, kanpora joan zen. 31. minutuan izan zen, hori.

Hurrengo jokaldian, ordea, bisitarien gola iritsi zen. Jokoan Anaitasunaren zelaian presentzia gutxi izan zuten bizkaitarrek, eta zapaldu zuten bakarrenetakoan nahi zutena lortu zuten. Eskuin hegaletik sartu ziren gureek defendatzen zuten areara Sestaokoak, eta erdiratu egin zuten. Markelek, baina, nahigabean baloia ukitu eta Arrutiren ate barrura sartu zuen. Beste behin, ezer gutxi eginda, aurkaria aurretik jarri zela ikusi zuten azkoitiarrek.

Atsedenalditik bueltan, azken asteetako itxurarik onena eman zuen taldeak. Hasieratik Sestao bere lurretan sartu zuen, kontraerasora jokatzera behartuz. Aukera ugari sortu zituzten gorrixek, eta berdinketa, zinez, merezitakoa zuen taldeak. Ordu laurdena bete zenean, baina, kanpokoek neurketa erabakita uzteko aukera izan zuten. Area barruko jokaldi nahasi batean, Sestaoko bi jokalarik elkarrekin tupust egin zuten baloia atera jaurtitzerakoan, eta zorionez, baloiak atetik kanporako bidea hartu zuen.

Ondorengo minutuetan, mutilek aukerak sortu zituzten. Markelek, korner jokaldi batean, bigarren zutoinean errematatutako baloitik hartu zuen Anaitasunak gol aukeretarako bidea. Gero, beste jokaldi batean, Beñat Landak jokoaren norabidea eskuin aldetik ezkerrera aldatuta, Mikel Arzalluz aurkitu zuen. Arzalluzek atzelariari aurre egin zion, eta area barrutik jaurtiketa egitea lortu zuen. Erdi-erdira joan zen, baina, baloia.

Sestaok kontraeraso bat edo beste izan zuen, gureak estu hartzeko modukoak, baina huts eta batekoarekin iritsi zen neurketa luzapenera. Azken unean, Anaitasunak kornerra izan zuen bere alde, eta Arruti atezain oriotarrak errematatzera igotzea erabaki zuen. Gutxi izango dira gola egindako atezainak, baina Arrutik bere oinetan izan zuen balentria hori. Korner erdiraketa urruntzen ez zuten asmatu Sestao Riverreko defendatzaileek, eta gure atezainari iritsi zitzaion aldaratzea. Gola egin behar zuela zirudienean, ordea, errematean gora atera zitzaion baloia. Anaitasunak zortea ere ez du alde.

Datorren asteburuan Cultural Durango taldearen aurka jokatuko dute mutilek, goiko postuetan den talde on baten aurka. Boladarik txarrenean murgilduta dira Igor Quindosen mutilak, baina argi printzak gero eta gertuago daude. Esperantzara kondenatua dago taldea.


Fitxa teknikoa:

Anaitasuna: Arruti, Moya, Markel, Sergio, Diez, Unai, Landa, Mikel Pastrian (Ander, 61. min), Aramendi (Iñigo Arzalluz, 76. Min), Mikel Arzalluz, Iriarte.

Sestao River: Lavin, Gago, Cabanas, Murua, Arzamendi, Diarra, Villar (Camilo, 90. min), Urzelai, Muñoyerro, Zaton (Etxaburu, 68. Min), Garmendia (Orozko, 84. min).

Golak: 0-1 (Markel b.a., 32. min)

Epailea: Salguero, Cardas eta Benito marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi dute Sestao Riverreko Lavinek eta Arzamendik.