Ezinean jarraitzen du taldeak

Balmaseda 2
Anaitasuna CD 1

Bi zatien hasieran egindako golei erantzunik ezin izan zion eman Anaitasunak, eta bosgarren porrota jaso du jarraian

Anaitasunak ezin izan zuen Balmasedatik ezer ekarri. Zati bakoitzaren hasieran egindako gol goiztiarrak iraulezinak bihurtu ziren jokamolde berriarekin aritu zen taldearentzat. Aukera gutxiko neurketa izan zen, baina borroka eta lehia askokoa. Azken minutuetan puntua urratzen saiatu ziren gureak, baina ez zuten golaukera egiteko zirrikiturik aurkitu. Bosgarren porrota jaso du jarraian taldeak. 

BalmaAnai

Seigarren minutuan egin zuen etxeko taldeak lehen gola. Eskuin hegaletik erdiraketa eginda errematatu zuten baloia bizkaitarrek baloia lehen zutoinean. Lehen errematea Arruti atezainak baloia gelditzea lortu baldin bazuen ere, bigarren zutoinean bakarrik atezainaren aldaratzea jaso zuen jokalariaren jaurtiketa ezin izan zuen gelditu oriotarrak. Nahiz eta goiz hartu aurrea etxekoek, ondoren, Beñat Landaren bitartez, berdinketa gutxigatik ez zuten egin gorrixek. Landaren burukada, kanpora joan zen gutxigatik.

Zelai erdiko jokoa nagusitu zen, beste behin, baina baloia etxekoek izan zuten. Gure mutilak zelaian ondo jarri eta kontraerasorako prest egon ziren, baina horretarako aukera gutxi izan zituzten. Baloia lortzeko lehia edo disputa asko izan ziren La Baluga zelaian, baina horiei etekinik ateratzen ere ez zuen asmatu taldeak, nahiz eta zelaiak, txikia izanik, hori eskatu. Aukera eta arrisku gune gutxi izan zen, eta lehen zatiaren amaieran, gainera, Susaetak orkatila bihurrituta zelaia utzi behar izan zuen. Ander Arabaolaza aurrelaria zelairatu zen bere ordez, horrela Anaitasuna erasokorrago eginez. Anderrek ukitu zuen lehen baloian arriskua sortu zuen Balmasedaren atean. Gehiegi gurutzatu zuen baloia aurrelariak, eta kanpora joan zen zoritxarrez. Bi taldeak gehiegi erakutsi gabe iritsi zen neurketa atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran, berriz ere goiz jaso zuen gola taldeak, irten eta hiru minutura. Korner jokaldi batean, baloia aske gelditu zen area barruan, inoren kontrolik gabe, eta lehia etxekoek irabazita, sareetara bidaltzea lortu zuten bi eta hutsekoa eginez. Anaitasunak zituen asmo guztiak zapuztu zituen etxekoen bigarren golak.

Bi taldeetako atezainek ia lanik ez zuten egin behar izan neurketa guztian zehar. Ez ziren elkar gehiegi estutzeko gai izan, aukera falta nabarmena izan baitzen. Anaitasunaren gola berandu samar iritsi zen, amaitzeko hamar minuturen faltan. Balmasedarren atearen aurre-aurrean, areatik bost metro ingurura, epaileak gorrixen aldeko falta adierazi zuen. Mikel Aramendik hartu zuen ardura, eta maisutasun handiz, jaurtiketa dotorea egin zuen etxekoen atera bi eta batekoaren gola egiteko. Golaren ondoren, Aramendiren pase batekin aukera izan zuen Anderrek, baina ez zen taldeari puntua emango zion gola egiteko moduan izan.

Azken minutuetan Anaitasunak ahalegin guztiak egin zituen berdinketaren gola egiteko. Jokoa etxekoen zelaian irauli zen erabat Ander Pastrian zelairatu eta azken minutuetan hiru aurrelarirekin arituta. Aurkariei izua gorputzean sartzea zaila izan zen, ordea. Bi eta batekoarekin, bosgarrenez, burua makurtu behar izan zuen taldeak. Datorren astean talde historiko baten bisita izango du Anaitasunak Txerloian. Sestao Riverren aurka bolada txar honi amaiera ematen saiatuko dira mutilak. Zaleek paper garrantzitsua izango dute hemendik aurrera, eta eskutik joanda, beltza den egoera argitzeko gai dela sinetsi beharrean gara gorrixek.


 

Fitxa teknikoa:

Balmaseda: Bruno, Estevez, Corral, Arkarazo, Mikeldi, Benito, Endika, Del Olmo, Raul (89.min, Aizpuru), Cuevas, Vellisca (69. min, Arlanzon).
 
Anaitasuna: Arruti, Diez, Susaeta (45. min, Ander), Sergio, Unai, Moya, Landa (85. min, Ander Pastrian), Mikel Pastrian, Aramendi, Mikel Arzalluz (76. min, Xabi), Iriarte.
 

Golak: 1-0 (Vellisca, 6. min), 2-0 (Cuevas, 48. min), 2-1 (80. min, Aramendi).

Epailea: Gil Flores epailea, Bañares eta Brahim marrazainek lagunduta. Balmasedatik txartel horia ikusi zuten Velliscak, Del Olmok eta Cuevasek. Anaitasunatik Mikel Arzalluzek ikusi zuen txartel horia.