Etxeko lehen garaipena, eta arnasa

Anaitasuna CD 2
Portugalete 1

Markel Eskurtzak eta Julen Iriartek egindako golekin, Anaitasunak etxeko lehen garaipena lortu du Portugaleteren aurka

Anaitasunak jada badaki zer den aurten etxean irabaztea. Gorrixek Portugalete ahalguztiduna gainditu dute gaur Txerloian. Neurketa hasi eta segituan egin dute gureek gola estua izan den lehen zatian. Bigarren zatia hasi eta zortzi minutura iritsi da bisitarien gola, baina taldearen erantzuna ona eta azkarra izan da, eta etxeko lehen garaipena lortzeko kolpea eman dute ordu erdiaren faltan. Defentsa eta talde-lan ikaragarri bati esker, emaitzari heldu dio taldeak, eta arnasa sakon eta lasai hartzeko garaipena lortu dute mutilek.

Anai-Portugalete

Julen Iriartek horrela ospatu du bi eta batekoaren gola (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Bigarren minutuan egin du bat eta hutsekoaren gola Anaitasunak. Mikel Aramendik erdiratu du korner jokaldia, eta Markel Eskurtzak buruz egin du gola. Indar handiz sartu da gorrixen erdiko atzelaria errematera, eta atezaina gaindituta zuen baloia buruz errematatu du taldea aurretik jartzeko.

Neurketaren gidoia azken neurketetakoaren antzekoa izan da. Baloiaren jabetza aurkariarena izan da, eta Anaitasunak kolpeka, Portugaleteren zelaia arrisku handiz zapaltzea lortu du. Intentsitate handiko neurketa izan da lehen zatian, eta horren adibide izan da, 25. minutuan, Julen Iriartek baloia ostu eta Mikel Arzalluzek ia gola egin duenean. Iriartek bizkaitarren atzelariari baloia harrapatu dio hegalean abiadura handiarekin borrokatuta. Ate-eremua zapaldu duenean atzera pasea egin duen arren, Mikel Arzalluzek ez du nahi zuen bezala amaitu jokaldia. Beste atzelari baten soinean jo du baloiak, eta Anaitasunaren aldeko kornerrean amaitu da jokaldia.

Portugaletek, bere aldetik, 32. minutuan izan du abagunerik garbiena, korner jokaldian eurek ere. Baloia boteprontoan harrapatu dute areako marratik zentimetro gutxira, eta zetorren bezala jota, erdi-erdira irten zaio jaurtiketa zorionez. Arruti adi egon da, eta baloia etetea lortu du. Aurreko jokaldi hori, eta 36. minutuan egindako erdiraketa arriskutsu bat izan dira Portugaleteren jokaldirik aipagarrienak.

Bigarren zatiari trakets ekin diete gorrixek, eta 53. minutuan lortu du berdinketaren gola kanpoko taldeak. Eskuin hegaletik ezkerrera ondo mugitu dute hiru pase eginda, eta hegaleko ezker atzelariak Arrutiren area zapaldu duenean, azpitik erdiratu dute baloia. Orioko atezainak erdiraketa gaiztoa gelditzea lortu du, baina aldaratzea utzi du, eta Portugaleteko aurrelariak ez du alferrik galdu aukera. 56. minutuan ere izan dute aukera antzeko jokaldia eginda, baina jaurtiketa zitala ondo desbideratu du gure atezainak.

Balizko bat eta bikotik, bi eta batekora pasatu da partida. Ander Moyak hegaleko sakea motzean atera du Iñigo Arzalluzekin jokatzeko, eta Iñigok maisutasun handiz atzelariak atzean utzi, eta arean sartzea lortu du. Julen Iriarte bakarrik ikusi bezain laster egin dio pasea hegaleko jokalariak, eta Iriartek, zetorren bezala lurrera erori aurretik jaurti du atera, bi eta batekoa lortzeko.

Portugalete saiatu da, baina aurrean zelaian ondo jarritako Anaitasuna aurkitu du azken ordu erdian ere. Ez dute gorputzean beldurrik sartzerik lortu bizkaitarrek. 87. minutuan izan dute berdinketa lortzeko aukera, baina berriz ere Arruti atezainarekin egin dute topo. Falta jaurtiketa arriskutsua izan dute area ertzean kanpokoek, eta atezainaren aldera behetik jaurtita ezustean harrapatu nahi izan dute Arruti, baina ez dute lortu. Esku ona atera du oriotarrak, bi eta batekoari eusteko.

Etxeko lehen garaipenean taldeak batutako puntuek duten esanahia kontuan hartuta, beste modu batera hartuko du orain Anaitasunak datorren zapatuko derbia. Garmendipen arituko dira gorrixek Lagun Onaken aurka, 17:00etan. Azpeitiarrak baino puntu bat gutxiagorekin iritsiko dira Azpeitira gure mutilak, baina bi gainetik itzultzeko asmoz joango dira. Gaurko talde lanarekin, dena da posible hemendik aurrera.

🎥 Ikusi bideo laburpena, hemen

📷 Ikusi argazki bilduma, hemen


Fitxa teknikoa:

Anaitasuna: Arruti, Izagirre, Markel, Sergio, Moya, Landa, Unai (89. min, M. Pastrian), Aramendi, Iñigo Arzalluz (66. min, Susaeta), Mikel Arzalluz, Iriarte (75. min, Ander).

Portugalete: Ivan, Garmendia, Artabe, Nuñez, Mendez, Txopi (71. min, Platero), Josue (80. min, Bonilla), Ukerdi, Gabri, Parra (68. min, Bengoetxea), Infante.

Epailea: Diaz. Sergio eta Arroyo marrazainek lagunduta. Anaitasunatik txartela erakutsi dio, Markeli, Aramendiri, Iriarteri eta Anderri. Portugaletetik, berriz, Artabek, Gabrik eta Infantek ikusi dute txartela.

Golak: 1-0 (2. min, Markel), 1-1 (53. min, Gabri), 2-1 (58. min, Iriarte)

Bestelakoak: 600 zale inguru Txerloian.