Itxaron egin behar etxeko lehen garaipena lortzeko

Anaitasuna CD 0
Basconia 0

Anaitasunak bi aurpegi desberdin erakutsi zituen Basconiaren aurka, eta puntu bat batzeko lan eskerga handia egin behar izan zuten jokalariek, bereziki bigarren zatian

Gorrixek seigarren berdinketa lortu zuen, atzo, zapatua, Basconia taldearen aurka. Lehen zatian aurpegi ona eman zuen Igor Quindosen taldeak, baina bigarren zatian gerizpean sartu zen, eta Basconiaren zelaia zapaltzeko lanak izan zituzten gure mutilek. Aukerarik garbienak lehen zatian izan zituzten mutilek. Amaieran, jokalari bat gutxiagorekin, izua sortu zen Txerloian, baina puntu bat batzeko gai izan zen taldea.

AnaiBasconia

Mikel Aramendi Basconiaren aurkako neurketan zehar. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Aukera gutxi izan ziren lehen minutuetan. Gure mutilek baloiaren jabetza aprobetxatu nahi izan zuten aurkariaren ate-eremuan arriskua sortzeko, eta Basauriko taldeak, bestalde, kontraerasoan asmatu zuen Anaitasunari min egiten. 24. minutura arte ez zen aukera garbirik izan. Xubanen area zapalduta estuasun bat edo beste izan zuten mutilek, baina garbiena Ander Arabaolazak izan zuen. Ezker hegaletik ondo iltzatu zuten jokaldia gorrixek, eta Mikel Aramendik egindako erdiraketa Ander Arabaolazak bakarrik errematatu zuen area txikian. Basconiako atezainak, ordea, sekulako eskua atera zion gure aurrelariari, eta gola ekiditea lortu zuen.

Aukerarik garbienak Anaitasunarentzat ari ziren izaten, eta 32. minutuan Julen Iriartek izan zuen beste abagune bat. Izagirre ere aurkariaren zelaia zapaltzen ikusi zen Basconiaren aurkako neurketan, eta bere erdiraketan gertu izan zuen Iriartek gola. Aurrelariak Izagirreren pasea lehen ukituan errematatu zuen, eta atezainak, beste gelditu on batekin, baloia kornerrera urruntzea lortu zuen. Lau minutura, 36. minutuan, berriz ere Iriarte izan zen protagonista. Aurkariaren ate-eremu ertzera iritsi zen baloiarekin, galdu egin zuen gero, baina lurretik indar eta ausardia handiz borrokatu ondoren, berriz berreskuratu zuen baloia. Segituan jaiki zen lriarte lurretik, eta jaurtiketa bizia egitea lortu zuen, nahiz eta gurutzatuegi joan zen.

Bigarren zatian Anaitasuna ez zen horrenbestetan azaldu Basconiaren zelaian, hein handi batean baloiaren jabetza hasieratik Basconiak hartu zuelako, eta jokoari abiadura eta erritmo handia eman ziolako. Halere, aldageletatik itzuli eta berehala, Ander Arabaolazak gertu izan zuen gola. Mikel Aramendik egin zion erdiraketa eskuin hegaletik, eta Anderrek baloia errematatu zuen arren, baloiaren bila irten zen atezainarekin egin zuen tupust. Anderren errematea ez zen gola egiteko behar adinako indarrekin irten, eta atzelariek goleko lerroan baloia urruntzea lortu zuten. Anaitasunak bigarren zatian izan zuen aukera bakarrenetakoa izan zen.

IMG 4910

Beñat Landa aurkariak atzean uzten. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Gero, protagonismoa osoa Basconiak hartu zuen Txerloian. 57. minutuan, area ertzeko jaurtiketa batean gola gertu ikusi zuten bisitariek, baina Xubanek adi zegoela erakutsi zuen. Zutoinari itsatita eskua bikain luzatu zuen, eta baloia kanpora urruntzeko gai izan zen. 64. minutuan ere, baloiak Xubanen ate aurrea zeharkatu zuenean, larri izan ziren gure mutilak, baina zorionez bidean ez zen Basconiako inor agertu errematea egitera.

Amaitzeko zazpi minutu falta zirela, berriz, Basconiak zelairatu berri zuen jokalari batek Txerloia isilarazi zuen une batez. Bigarren zutoinera erdiratu zuten baloia kanpotarrek ezker hegaletik, baina Anaitasunaren mesederako jokaldia gaizki amaitu zuten. Segundo gutxira, epaileak bigarren txartel horia erakutsi zion Julen Iriarteri zelai erdian falta bat egitearreen, eta gorrixek jokalari bat gutxiagorekin amaitu behar izan zuten neurketa. Igor Quindos entrenatzailea ere kaleratu zuen Ojeda epaileak hartutako beste erabaki baten aurka egiteagatik.

Kontuak kontu, berdinketa batekin amaitu zen Anaitasuna eta Basconia taldeen arteko dema; jada sei berdinketa lortu dituzte mutilek. Hirugarren Maila honetan neurketarik galdu ez duen talde bakarra da Somorrostro taldearekin batera. Zenbakiak alde batera utzita, taldea jada datorren astera begira jarrita dago , ez baita aste xamurra izango. Bi neurketa jokatuko dituzte mutilek Lagun Onaken aurkako derbiaren aurretik. Asteazkenean, 20:00etan, Beasainen aurka arituko da Anaitasuna, eta igandean, 17:00etan, Portugaleteren aurka. Jokoan izango diren sei puntu horiek garrantzia handia izango dute denboraldia bideratzeko.

🎥 Ikusi bideo laburpena, hemen

📷 Ikusi neurketako argazkiak, hemen


 

Fitxa teknikoa:

Anaitasuna: Xuban, Izagirre, Sergio, Markel, Moya, Landa (86. Min, Mikel Pastrian), Unai, Aramendi, Iñigo Arzalluz (61. Min, Mikel Arzalluz), Iriarte, Ander (76. Min, Aitor Diez).

Basconia: Atangana, Ochoa, Kortazar, Bernaola, Egiluz, Dulce, Rudi, Naveira, Tascon (77. Min, Diarra), Garai, Gandiaga (63. Min, Morcillo).

Epailea: Ojeda. Etulain eta Paredes marrazainek lagunduta. Anaitasunatik, Unai, Iriarte eta Diezek ikusi zuten txartel horia. Iriartek txartel hori bikoitza ikusi zuen. Basconiatik Tasconek eta Garaik ikusi zuten txartel horia.

Bestelakoak: 500 lagun inguru Txerloiako Futbol zelaian. Denboraldiko sarrerarik onena izan zen Basconiaren aurkakoa.