Txapeldunak!

Elgoibar 0
Anaitasuna CD 2

Ander Arabaolazaren eta Mikel Aramendiren lehen zatiko golek, Anaitasuna Hirugarren Mailan jarri dute

Txapelduna, Hirugarren Mailakoa izatea. Horixe lortu zuten joan den zapatuan gorrixek Elgoibarko Mintxeta zelaian. Herritik joandako ehundaka zaleren babesarekin, gureek lehen zatian ondo bideratu zuten neurketa, eta bigarren zatian, nahiz eta joko txarrak egin, lana bikain egin zuten defentsa arloan. Behar zituzten hiru puntuak batu zituzten Igor Quindosen mutilek maila igoera lortzeko.

IMG 3158

Ikaragarria izan zen zapatuan bizitakoa. Herritik ehundaka zale bertaratu ziren Elgoibarren. Elgoibar taldeak Anaitasunari jakinarazi dionagatik, 800 lagun inguru. Errepikatu ezingo den irudiak utzi zituzten, beste behin, zaleek eta taldeko mutilek berdegunean. Gorria nagusi zelaitik kanpo, berdea garaile berdegunean.

Bakoitzak beretik, bere onena emanez Anaitasuna Euskal Herriko talderik onentsuenen artean izango da datorren denboraldian. Balentria lehen minututik jokalariek erakutsi zuten kontzentrazioak bideratu zuen. Ander Arabaolazak izan zuen lehen aukera seigarren minutuan. Area barrura mugimendu ona egin eta gero, jaurtiketa gehiegi gurutzatu zuen Anderrek, eta zutoinaren ondotik, gutxigatik joan zen kanpora baloia.

Hondarribiako Ondartza zelaitik ez zetozen berririk onenak, neurketako 15. minutuan, Hernanik aurrera hartu zuela jakin baitzen Mintxetako harmailetan. Halere, urduritasunak segituan uxatu ziren. 16. minutuan, Hernanik gola egin eta minutu batera, Anaitasunaren lehen gola iritsi zen. Zulaikak ohituta gaituen moduko hegaleko sakea egin zuen, luze-luzea, eta Anderrek baloia ezinhobeto jaitsi eta atzelarien artetik pasa ostean, baloia ate barrura jaurtitzeko moduan gurutzatu zuen. Anai, Anai oihuak bazter denetatik, txapeldunak, txapeldunak ausartenek. Elgoibarko Mintxetak Txerloia zirudien.

Zapatuak, ordea, izan zuen pasadizo beltzik ere. 23. minutuan, Zulaikak zelaia utzi behar izan zuen belauna okertuta. Atzelariak ez zuen eguna behar bezala ospatzerik izan. Bere lekuan oso neurketa zuzena egin zuen Josu Godoy zelairatu zuen Quindosek. Lehen orduerdia bete aurretik, baina, beste atzelari bat izan zen protagonista. 27. minutuan, ezker hegaletik erdiratutako falta batean gertu izan zuen Markel Eskurtzak gola. Gertu izan zuen ezker jokalariak gola.

Anaitasuna ez zen estuasunetan, nahikoa eroso zegoen zelaian. Elgoibarrek oso aukera gutxi izan zituen, eta izan zituenak arrisku gabeak izan ziren. Neurketa bideratzeko ere, Anaitasunak ez zuen jokaldirik lotzen, baina 39. minutuan, geldikako jokaldi batean iritsi zen huts eta bikoa. Mikel Aramendik ate aurrean harrapatu zuen erdi-erdiko jaurtiketa sareetara bidali zuen. Anaitasunaren bigarren golarekin erotu egin ziren gureak: bai jarraitzaileak, baita jokalariak ere. Horrenbeste orduz amestutakoa egia bihurtzen ikusi zuten unea izan zen. Aldageletara arnasa sakon hartuta joateko balio izan zuen.

Bigarren zatira ere lehen zatiko kontzentrazio berarekin zelairatu ziren berdez jantzitako gorrixek. Harmailetan urdurienek hirugarren gol baten beharra ikusten zuten, eta 53. minutuan, berriz ere Markelek gertu izan zuen gola. Berriz ere hegaleko falta batean bigarren zutoinera iritsi zen atzelaria, eta ezker oinarekin egin zuen errematea oso gutxigatik joan zen kanpora. Ordutik aurrera, Anaitasuna atea defendatzera pasatu zen. Elgoibarrek azken bultzada egin behar zuen mailari eutseko aukerekin jarraitzeko. Pare bat abagune izan zituzten, baina estuasun handirik gabe pasatu zuen Anaitasunak etxekoen oldarraldia.

Amaiaeran, poza. Ez zen beste hitzik, ez eta bestelakorik nabaritzen gorrixen aurpegietan. Besarkadak, musuak, harrotasun oihuak... Taldeko mutilak eta jarraitzaileak, denak bat egin da Anaitasuna abesten. Txoratzeko moduko minutuak izan ziren neurketa ondorengoak, ilusio eta emoziozkoak, historikoak. Batasunaren indar erakustaldia. Ikaragarria. Taldeak txalo bidez agurtu zuen harmaila, eta zaleek aldageletara sartu aurretik egindako kolore gorriko pasilloak amaiera eman zion Mintxetako ospakizunari. Zelaitik aldageletara, eta handik kalera egin zuen jauzi festak. Txapela kentzeko moduko txapeldunak ditugu taldean. Mugarik ez duten jokalari eta teknikari taldea. Hirugarren Mailan zeresana emango duen taldea. Anaitasuna.