Neskek derbia irabazi dute

Anaitasuna CD 1
Lagun Onak 0

Neskek lehen postuagatik borrokan jarraitzen dute bi jardunaldiren faltan

Anaitasunak garaipen handia lortu zuen Lagun Onaken aurka. Ordu laurdena betetzerako aurretik ziren markagailuan gure neskak. Lehen zatia parekatua izan zen Txerloiko berdegunean, baina bigarren zatian azpeitiarrek estu hartu zituzten gureak, eta gogotik egin behar izan zuten lan defentsan alde zuten markagailuari eusteko. Azken minutuetan abantaila handitzeko aukerak ere izan zituzten gorrixek.

SeniorAnaiLagun

Lehen zatia parekatua izan zen, eta oso aukera gutxi izan ziren Txerloiko berdegunean. Tamarak seigarren minutuan izan zuen Anaitasunaren aldeko lehen abagunea. Area ertzetik ezkerrez egin zuen jaurtiketa Senior Nesken taldeko aurrelariak, baina azpeitiarren atezainak birritan baloia ate barrura sartzea ekidin zuen.

12. minutuan, ordea, Anaitasunak kontraeraso azkarra antolatu zuen eskuin hegaletik. Arethak zelai erdia bikain gainditu zuen, gero Maiderrekin jokatzeko. Maiderrek hegaletik barrura jokatzea erabaki zuen, eta segituan iskin egin zion azken atzelariari. Kontrolak ihes egin zion aurrelariari, baina baloia Irantzuren oinetara iritsi zen. Ezker jokalariak ez zuen birritan pentsatu, eta area ertzetik maisutasun handiz jaurtiketa eginda gola lortu zuen; modu horretan lortu zuten gorrixek neurketako gol bakarra. Atsedenaldira bitartean partidak orekatzera egin zuen, eta ez zen ikusi Txerloian abagune garbirik. Bi taldeetako inork ez zuen bere buruan inoiz arriskuan ikusi.

Bigarren zatian, Lagun Onakek baloi gehiago izan zuen oinetan; Anaitasuna bere zelaian izan zen denbora luzean. Azpeitiarrek aukera dezente sortu zituzten bigarren erdian, eta banakoa gertu usaindu zen behin baino gehiagotan. Halere, neskek aurrera egin zuten azken minutuetan, eta aurkariaren zelaian baloi asko lapurtu zituzten. Gogotik egin zuten presioa neskek aurkariaren zelaian, eta modu horretan arriskua ezerezetik sortzeko gai direla erakutsi zuten gureek.

Ainhoak 76. minutuan atera jaurtitako jaurtiketa baten aldaratzean Leirek gertu izan zuen gorrixen aldeko bigarren gola, eta ezker hegaletik egindako erdiraketen bitartez ere min egin zuten gure neskek. Horiek izan ziren neskek neurketaren azken aldera egindako abaguneak. Bukaerara arte egin zuen borroka Anaitasunak, eta Emakumezkoen Euskal Ligara igotzeko txartela ematen duen lehen postuagatik borrokan jarraituko dute beste aste batez. Eibar 42 punturekin liderra da sailkapenean eta Anaitasuna bigarrena 41 punturekin.

Datorren asteburuan, denboraldiko azken aurreko jardunaldian, Intxaurdiren aurka jokatuko dute neskek, etxetik kanpo. Hurrengo asteburuan, maiatzak 26-27, Eibar lehen sailkatua hartuko dute etxean. Sei puntu falta dira jokatzeko, eta bi partidak irabazita mailaz igoko dira neskak. Intxaurdiren aurka berdinduta eta Eibarri irabazita ere bai.

🎥 Ikusi bideoa