Erakustaldia agurreko partidan

Santurtzi 1
Anaitasuna CD 4

Anaitasunak merezi bezala agurtu du Hirugarren maila, eta garaipen handia lortu du Santurtzin

Anaitasunak Hirugarren Mailako talde bezala azkeneko partida jokatu du eguerdian. Santurtziko San Jorge zelaian. Garaipen erosoa lortu dute gorrixek etxeko taldearen aurka. Lehen zatian gauzak parean izan badira ere bana markagailuan, bigarrenean Anaitasuna nagusi izan da zelaian, eta ederki baliatu ditu izan dituen abaguneak. Hiru gol egin eta denboraldiko azken partidan garaipena lortu dute mutilek.

Santurtzi-1-4-Anai

Taldeak bat eginda amaitu du denboraldia (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Etxekoen nagusitasunarekin hasi da San Jorge zelaiko partida, eta lehen aukera garbia ordu laurdena bete denerako sortu dute santurtziarrek. Halere, partidak orekatzera egin du, eta zelai erdiko jokoa nagusi zenean, Anaitasunaren gola iritsi da 30. minutuan. Aramendik Santurtziko atzelarian bizkarrera pasea egin du. Ezker hegaleko atzelariak moztu egin du baloia, baina ez du asmatu urruntzen eta horren ondoren etorri da gola. Aitor Diezek adi jarraitu du jokaldia, eta baloia lapurtzean area barruan sartu da eta atera jaurti du. Atepetik atera dute etxekoek hasiera batean, baina Ander Moya bikain iritsi da aldaratzera. Area txiki barruan baloia ate barrura bultzatu besterik ez du egin. Moya zein Diez, bi hegaletako atzelariak area barruan ziren jokaldiari amaiera emateko.

Santurtzi-Moya

Moyaren lehen gola ospatzen jokalariak. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Etxekoek, ordea, estu hartu dituzte ondorengo minutuetan gureak, eta 40. minutuan abisua eman ondoren, hurrengo minutuan ez dute barkatu. Eskuin hegaletik egin dute erdiraketa santurtziarrek, area barruan baloia kontrolatzea lortu dute gero, eta azkenik jaurtiketa gurutzatuta, banakoa iritsi da. Baloia poliki eta saltoka joan bada ere, Xubanek ez du ezer egiterik izan. Atsedenaldira banako markagailuarekin iritsi dira Santurtzi eta Anaitasuna.

Aldageletan hamabost minutuko atsedenaldia hartu ostean, aukerekin hasi da bigarren zatia. Hasi eta minutu batera, Ander Pastrianek aukera garbia izan du Anaitasuna aurretik jartzeko, eta 55. minutuan Santurtzik izan du. Etxekoek ere ez dute asmatu Xubanen ate aurrean. Bi taldeek neurketa aurrerago erabakitzea erabaki dute.

Mutilek lanean jarraitu dute, eta zelairatu berria zen Ander Arabaolazak lortu du gorrixen aldeko bigarren gola. Aramendik zelai erdian baloia lapurtu dio oinetatik etxekoen eskuin hegaleko atzelariari, eta Santurtziren zelaira sartu bezain azkar beste aldean zen Anderri egin dio pasea. Aurrelariak area barruan jaso du Aramendiren pasea, eta ukitu txiki bat eginda, baloia sareetara bidali du. Gauzak azkar eta ondo eginda, aurretik jarri da Anaitasuna Santurtzin.

Santurtzi Anai2

Anderrek modu honetan ospatu du gola San Jorgen. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Taldeak bere futbola egiten jarraitu du. Zelaian eroso sentitu da, Santurtzik ez baitu estuasunetan jarri Anaitasuna. 75. minutuan, gainera, taldea garaipenera bideratu duen gola egin dute gorrixek. Etxekoen atezainak area kanpotik jarri du jokoan baloia. Gureek zelai erdian irabazi egin dute baloia, eta Ander Pastrianen pasearekin Julen Iriartek area ertzean jaso du baloia. Atezaina, noski, aurreratuta ikusi du Iriartek, eta bere gainetik, baloia ate barrura bidali oinaren goiko aldearekin jaurtiketa eginda. Gola egin eta segituan gainera, beste berri on bat jaso du taldeak. Denbora batez min hartuta izan den Mikel Arzalluzek ordu laurden bat jokatzeko aukera izan du San Jorgen. Neurketa ondo amaitu du aurrelari gazteak, minaren inolako arrastorik gabe.

Santurtzi-Iriarte

Iriartek gola lortzeko egin duen jaurtiketa. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Garaipena gertu ikusi du Anaitasunak ordurako, baina artean beste gol bat falta zuen egiteko Hirugarren Mailan. 80. minutuan, ezker hegalean Ander Moyak ateratako alboko sakea eskuin hegaleraino eraman dute mutilek. Eskuin aldean, Aitor Diezek baloia jaitsi eta ondoko marrairaino eraman du, eta atzera bikain erdiratu du gerora. Area barruan ziren Anaitasunako lau jokalarietako batek, Aramendik, baloia ezkerrez ate barrura bultzatu du laugarrena egiteko. Etxekoek, amaitu bitartean egin dituzte ahaleginak bigarren gola egiteko, baina ez dute markagailua mugitzerik lortu.

Santurtzi-Aramendi

Hirugarren Mailan Anaitasunak egin duen azken goleko bi protagonistak. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Bat eta lauko garaipenarekin esan dio agur Anaitasunak Hirugarren Mailari. Taldeak hirugarren garaipena lortu du jarraian, eta maila galdu badu ere, bikain amaitu du denboraldia. Orain Gipuzkoako Ohorezko Mailan jokatuko duen denboraldia prestatzen hasiko da Anaitasuna, eta berandu baino lehen izango dira taldearen inguruko berriak.

📸 Argazki bilduma

🎥 Bideo laburpena


 

Fitxa teknikoa:

Santurtzi: Santamaria, Soraluze, Arambarri, Herrero, Fernandez, Marroquin (Garai, 57. min), Casado (Hernandez, 74. min), Hernandez, Lopez (Sanz, 62. min), Del Olmo, Ruiz.

Anaitasuna: Xuban, Diez, Markel, Sergio, Moya, Unai, Beitia (Iñaki, 70. min), Mikel Pastrian (Ander, 57. min), Aramendi, Ander Pastrian eta Iriarte (Mikel Arzalluz, 77. min).

Golak: 0-1 (Moya, 30. min) 1-1 (Ruiz, 41. min), 1-2 (Ander, 66. min), 1-3 (Iriarte, 75. min), 1-4 (Aramendi, 80. min)

Epailea: Ruiz Rabanal epailea, Castresana Zorroza eta San Juan Ipiña marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi du Santurtziko Del Olmok.