Erregionalak ez du mailaz igotzerik lortu, momentuz

Anaitasuna CD 1
Roteta 2

Erregionalek galdu egin dute Rotetaren aurka eta ez dute lortu mailaz igotzerik, momentuz.

Pareko partida jokatu zuten Anaitasunak eta Rotetak Txerloian. Donostiarrek lehen zatian lortutako bi golek Anaitasuna zigortu dute, eta zuzeneko igoera postuetatik at da orain. Partida hasi eta berehala eta lehen zatia amaitu aurretik egin zituen Rotetak bi golak, unerik garrantzitsuenetan. Erregionale mailaz igotzeko aukerekin jarraitzen dute, halere.

IMG 4511

Partida zoroa izan zen: falta asko, jokoa geldirik une luzez... Bigarren minuturako aurretik ziren donostiarrak, gainera. Epaileak Joritz Badiola erdiko atzelaria zelaitik egotzi zuen donostiarren aurrelaria area barruan lurrera bota zuela azalduta. Hori gutxi ez, eta Badiolari txartel gorria erakutsi zion epaileak. Epailearen lana zalantzan izan zen uneoro Txerloian. Bigarren minuturako gorrixek hamar jokalarirekin, eta huts eta bat atzetik ziren markagailuan.

Bat gutxiagorekin aritu arren, zelaian ez zen gehiegi nabaritu jokalarien aldea. 15. minutua bete aurretik, gainera, Julen Aramendik aukera ederra izan zuen bere ezker oinarekin. Area ertzean gorputzarekin keinua eginda atzean utzi zuen aurkaria, baina bisitarien atezainak kornerrera urrundu zuen baloia.

Handik lasterrera, Rotetak gertu izan zuen huts eta bikoa. Eskuin hegaletik aurrera eramandako jokaldi batean langara jaurti zuten baloia. Donostiarrek barkatu egin zuten, baina Julen Aramendik ez zuen horrela egiterik pentsatu 24. minutuan. Eskuin hegaletik erdiraketa egin zuten gorrixek, eta inorena ez zen baloia Aramendiren oinetara erori zen area barruan. Jaurtiketa atearen erdira indartsu egin zuen, eta atea zulatzea lortu zuen ezker jokalariak. Atsedenaldira iritsi aurreko azken jokaldian, ordea, Rotetak bat eta bikoa egin zuen. Gaizki urrundu zuten gureek baloia, eta bisitarien aurrelari azkarrak baloia bikain eraman zuen area ertzeraino, Gorka Osa atezaina gaindituz. Kolpe latza izan zen gure mutilentzat gol hori.

IMG 4475

Aldageletatik buelta egin ondoren, bigarren zatiari sendo ekin zieten. Roteta bere zelaian sartu zen aldeko markagailuarekin, baina Anaitasunak zirrikitu gutxi aurkitu zituen gola egiteko. 48. minutuan, gainera, epaileak Rotetako jokalari bat egotzi zuen zelai erdian egindako falta baten ondoren. Pare bat aukera egin zituzten horrela mutilek. Ioannes Garate taldeko kapitainak area barruko jaurtiketa batean gertu izan zuen binakoa, baina atezainak ez zuen gola egiten utzi, eta kornerrera urrundu zuen baloia.

Rotetaren aurkako porrota eta gero, Anaitasunak orain ez du bere esku zuzeneko igoera lortzea. Sailkapeneko hirugarren postuan diran mutilak, eta datorren asteburuan Beran (Nafarroa) jokatuko dute German Zabaleta, Iker Larrar eta Kaiet Arceren mutilek. Gure Txokoa taldea izango dute aurrean gorrixek, sailkapeneko laugarren postuan Anaitasunak baino puntu bat gutxiago duen taldea. Igoeragatik borrokatu nahi badute, hirugarren postuan amaitu beharko dute gutxienez gure mutilek. Hirugarren postu horrek, ordea, ez du zuzeneko igoerarik ematen —lehen bi postuek ematen dute mailaz igotzeko txartela—. Beste multzoko hirugarren sailkatuaren aurka jokatu beharko lukete mutilek, kasu horretan, Erregional Preferenterako igoera. Azken jarudnaldian Anaitasunak irabazi eta Rotetak ez balituzke hiru puntuak batuko, zuzeneko igoera lortuko du taldeak.

Ikusi argazki bilduma, hemen.