Agur Hirugarren Mailari

Anaitasuna CD 1
Getxo 0

Iñigo Arzalluzek 8. minutuan egindako gol zoragarriarekin lortutako garaipenak ez dio balio izan taldeari Hirugarren Mailan mantentzeko. Bermeok bere partida irabazita, maila galdu du Anaitasunak.

Mutilek ondo egin zuten bere lana, eta Getxori irabazi egin zioten, baina irabazi egin zion Bermeok etxean Zamudiori, eta ondorioz Anaitasunak nahi ez zuen pronostikoa bete zen. Nola Anaitasunak hala Bermeok, zortzigarren minutuan hartu zuten aurrea markagailuan; Iñigo Arzalluzek sekulako gola egin zuen ezker hegaletik jaurtiketa atera eginda.

IMG 7834

Sergio Barquero baloia urruntzen (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Anaitasunak irabazi eta Bermeoko Itxasgane zelaiko emaitzaren zain egon beharra zuen, baina Iñigo Arzalluzek egindako golarekin batera iritsi zen Txerloiko harmailara Bermeoren golaren berri. Mailari eustea helburu zuten bi taldeek goizo egin zuten gola, eta ondorioz, Anaitasunak maila galduta zuela jokatu zuen neurketa amaitu bitartean.

Txerloian partida parekatua ikusi zen. Maila galduta zuela iritsi zen Getxo Txerloira, eta lehen zatian bederen, ezer gutxi erakutsi zuen berdegunean. Iñigo Arzalluzek 8. minutuan jarri zituen gorrixek markagailuan aurretik; Ezker hegalean jasotako aldaratzea eta gero, jaurtiketa egitera ausartu zen urrunetik, eta baloia atezainaren gainetik pasata, sekulako gola lortu zuen. Txerloia zutik, txaloka jarri zuen Iñigoren golak. Golaren ostean ezer gutxi ikusi zen berdegunean. Getxok Anaitasunak baino baloi jabetza handiagoa izan zuen, baina ez ziren gai izan gureei min egiteko. Anaitasuna eroso ikusten zen zelaian. Aukera gutxi izan ziren lehen zatian.

ArgazkiaGorrixekin-azkena

Partida hasi aurretik hainbat neska-mutilek argazkia atera zuten jokalariekin (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Bigarren zatira bi aldaketa eginda zelairatu zen Getxo, eta aukera gehiago egin zituen Xubanen atean. Herriko atezaina, beste behin, oso ondo aritu zen bizkaitarren aukera apurrei erantzuna ematerakoan. Arrisku gehiago sortu zuten getxoztarrek Txerloian, bereziki hegaletatik erdiraketa egin eta azken atzelaria gaindituta egindako erremateekin. Anaitasunak, bere aldetik, izan zuen neurketa lehenago erabakita uzteko aukera. Ander Arabaolaza Getxoko atezainaren aurrean gelditu zen jokaldi batean, baina atezainaren aurrean baloia loratu egin zuen aurrelariak, eta atepeko gizonak behatz puntekin gelditu zuen baloia.

Neurketa grisa izan zen, eta aldi berean, beltza Anaitasunarentzat. Maila galdu du taldeak. Liga txapelketa amaitzeko jardunaldi bat besterik ez zaie gelditzen mutilei. Datorren asteburuan Santurtziren aurka jokatuko du taldeak, eta agur esango dio Hirugarren Mailari. Mutilek duten dena eman dute aurten, gauzak hobeto edo okerrago irten dira, baina Anaitasuna gogotik borrokatu duen talde bat bezala oroituko dute Euskal Herriko herrietan eta zelaietan. Anaitasuna Gipuzkoako Ohorezko Mailara itzuliko da, oroitzapen gozoak sortzen dituen mailara.


Fitxa teknikoa:

Anaitasuna: Xuban, Godoy (Xabi, 75. min), Sergio, Markel, Izagirre, Unai, Mikel Pastrian, Aramendi, Iñigo Arzalluz (Diez, 48. min), Ander eta Iriarte (Beitia, 83. min)

Getxo: Unai, Txolo, Lopo, Cube (Jarin, 64. min), Erik, Orma, Ende, Erice (Jonfi, 46. min), Luis, Mikelats eta Uri (Ion, 46. min).

Golak: 1-0 (Iñigo Arzalluz, 8. min).

Epailea: Palacios, Marron eta Blazquez marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi dute Anaitasunatik, Godoyk, Izagirrek, Iñigo Arzalluzek eta Iriartek. Getxotik, Endek, Ericek, Luisek eta Jonfik.