Bizirik jarraitzeko garaipena Muskizen

Somorrostro 2
Anaitasuna CD 3

Anaitasunak Hirugarren Mailan bizirik jarraitzeko garaipen handia eskuratu zuen atzo, zapatua, Muskizko El Malecón zelaian

Bi zati desberdin izan zituen partidak. Lehen zati orekatua ikusi zen El Malecón zelaian, baina aukera asko eta garbiak egin zituen etxeko taldeak. Anaitasunak abagune gutxi sortu zuen lehen erdian. Bigarren erdian, baina, atera jaurtitzen hasi ziren gorrixek, eta hamargarren minuturako irauli zuten markagailua Artetxeren mutilek. Abantailarekin sufritu egin zuten gureek, penalti bat ere izan zuten aurka, baina luzapenera iritsi baino lehenago egindako golak, Hirugarren Mailan jarraitzeko eskubidea eman dio oraingoz taldeari.

SomoAnai1

Aukera asko egin zituen etxeko taldeak ordu erdia bete aurretik, baina Xuban atezainak egindako lanak zeresan handia eman zuen Muskizko El Malecón zelaian. Anaitasunako atepeko mutilak lan handia egin zuen, eta bere geldituek taldea bizirik mantendu zuten atsedenaldiaren aurretik.

Eskuin hegalera azkar zabaltzen zuten jokoa etxekoek, eta behin baino gehiagotan gainera. Min handia egin zion Anaitasunari jokamolde horrek. 33. minutuan, antzerako jokaldi batean, etxekoen lehen gola iritsi zen. Eskuin hegaletik Anaitasunaren atzeko lerroa baino aurrerago eta atearen aurrean zegoen etxeko jokalari bati egin zion pasea. Kontrolak ihes egin bazion ere, hirugarren jokalari bat agertu zen baloiari atearen aurrean bultza egitera.

Aldageletara bat eta hutseko abantailarekin iritsi ziren etxekoak, baina bigarren zatian Anaitasunak beste kolore bat jarri zion neurketari. Erasokorrago zelairatu zen taldea, etxekoen zelaian hartutako baloi bakoitzari etekina ateratzeko asmoz, eta Iriarteren urruneko bi jaurtiketekin eman zuen lehen abisua Anaitasunak.

49. minutuan, banakoa egin zuten gorrixek. Etxeko bi defendatzaile ziren ezker hegalean zegoen Mikel Aramendiren inguruan. Aramendi zelai barrua eta kanpoa mugatzen zituen lerroaren gainetik pasatu zen baloiarekin, eta etxeko bi jokalariak gelditu egin ziren, baloiak zelai barrutik irten egin zuela epaileari eskatzeko. Horrelarik adierazi ez, eta Aramendik aurrea jarraitu zuen. Ezker jokalariak bikain ikusi zuen Unai Aranbarrik area barruan egin zuen mugimendua. Pasea egin, kapitainak baloia jaso eta orpoarekin bere atzean zen Julen Iriarteri egin zion pasea. Iriartek baloia atera bidalita, gol dotorea lortu zuen taldeak.

Banakoak ez zion balio taldeari Hirugarren Mailan jarraitzeko, eta handik bost minutu eskasera, bigarrena egin zuten gureek. Zelai erdiko pase ezinhobe batekin hasi zuen jokaldia Unaik, eta Iñigo Arzalluzekin jokatu zuen. Iñigo baloiarekin aurrera eta bere defendatzailea atzeraka, area barruan sartu ziren eta pasea egin zuenean laguna bikain aurkitu zuen eskuin hegalerako jokalariak. Ander area barruan bakarrik gelditu zen eta Iñigoren pasea ez zuen alferrik pasatzen utzi. Lehen ukituan, eskuinez, atearen barrura bidali zuen aurrelariak baloia.

SomoAnai2

Bat eta biko markagailuarekin taldea bizirik zen, baina ondoren sufritzea tokatu zitzaion. Kontraeraso batean gureek bat eta hirukoa barkatuta, 61. minutuan zalantza handia sortu zuen penaltia adierazi zuen epaileak. Moyaren aurrean etxeko jokalari bat lurrera erori zen. Halere, etxekoek hamaika metrotatik egin zuten jaurtiketa zuzenean kanpora joan zen Muskizera joandako zaletu gorrixen pozerako. Amorruak sortuta edo, Somorrostro oldarkorrago jarri zen zelaian, eta Anaitasunak izerdia gogotik bota behar izan zuen.

72. minutuan binakoa egin zuten bizkaitarrek. Ezker hegaleko falta baten aldaratzea eskuin hegaleko kornerraren ingurura erori zen, eta etxekoek baloia jaso, atzera pasea egin eta area barruko lehen zutoinaren parera erdiratuta, erdietsi zuten gola. Buruz, Somorrostrok, partida berdindu zuen. Anaitasunak, puntu batekin, une horretan maila galdua zuen. Muskizko jokalariek hirugarren gola nahi zuten, eta gertu izan zuten, abagune ugari alferrik galdu baitzituzten.

Luzapenera iritsi baino bost minutu lehenago iritsi zen, ordea, gorrixen hirugarren gola, garaipena emango zien gola. Unaik zelai erdian bakarrik hartu zuen baloia, eta aurkarien atzelari lerroa aurreratuta zegoela ikusita aurrera jokatu zuen. Batetik, Anderrek mugimendu ona egin zuen atzelarien bizkarrera, eta bestetik, Unaik pase bikaina eman. Anderrek baloia hartu zuen, baina atezaina bere areatik irten zen, baloia moztera. Ander aurretik eraman zuen etxekoen atepeko jokalariak, baina gure aurrelariak egindako ukitua nahitaezkoa izan zen Iriartek gola egiteko. Anaitasunako golegile nagusiak atea hutsik aurkitu zuen garaipenaren gola lortzeko.

Azken minutuetan tentsioa altua izan zuen neurketak. Etxekoek abagune bat ere izan zuten berdintzeko, baina azkenean Anaitasunak bizirik jarraitzeko garaipena lortu zuen Bizkaian. Denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan, Anaitasuna salbazio postutik lau puntura dago. Datorren asteburuan, jokoan zerbait duten talde guztiek zapatu arratsaldeko 18:30ean jokatu beharko dute, Federazioak horrela aginduta. Beraz, 18:30ean Txerloia mailari eusteko ilusioz bete beharrean gara. Zaila bada, ez da ezinezkoa, eta posible den bitartean, borroka dezagun guztiok batera!

🎥 Bideo laburpena, hemen.


Fitxa teknikoa:

Somorrostro: Nuñez, Garcia, Arnaiz, Requejo, Valin, Alkegi (Lugones, 66. min), Isuskiza (Belmonte, 86. min), Salcedo, Cortezon, Olondo eta Alvarez.

Anaitasuna: Xuban, Diez, Sergio, Markel, Moya, Unai, M. Pastrian, Iñigo Arzalluz (Beitia, 78. min), Aramendi (Xabi, 89. min), Ander (Izagirre, 86. min) eta Iriarte

Golak: 1-0 (Alvarez, 33. min), 1-1 (Iriarte, 49. min), 1-2 (Ander, 55. min), 2-2 (Alvarez, 72. min), 2-3 (Iriarte, 85. min)

Epailea: Ortega Angulo epailea, Castaño Ibarguren eta Garcia Manceras marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi zute, Somorrostrotik, Valinek, Arnaizek eta Nuñezek. Anaitasunatik, Moyak, Diezek eta Izagirrek.