Ezin liderra menderatu

Anaitasuna CD 1
Cultural Durango 3

Iriartek Anaitasuna aurretik goizo jarri zuen, baina ondorengoa ekiditerik ez zuten lortu gorrixek

Segituan hasi zen Anaitasuna irabazten, baina Durangok ordu laurdena bete aurretik berdindu zuen neurketa Txerloian. Nagusi izan ziren sailkapeneko liderrak berdegunean, eta bigarren zatian lortutako bi golekin borobildu zuten neurketa. Bide batez, Anaitasuna kinka larrian gelditu da sailkapenean, eta asteburu honetan ez bada hurrengoan maila galdu lezake.

AnaiDurango

Porrot gogorra jaso zuten mutilek. Ondo hasi zena, gaizki amaitzen ikusi zuten zaleek. Ondorioz, maila galtzetik gertu da Hirugarren Mailako taldea. Gauzak ondo jarri ziren Xabier Artetxeren mutilentzat. Aurrez durangarrek abisua eman zuten arren, hirugarren minutuan bisitarien atzelari bati baloia lapurtu zion Letamendiak Iriarterekin jokatzeko, eta aurrelariak area barrutik egindako jaurtiketan ez zuen barkatu. Atezainaren oinen azpitik, baloiak sareetan amaitu zuen.

Poza, baina, ez zen denbora luzerako izan. 13. minutuan area ertzetik egindako jaurtiketa batean lortu zuten gola liderrek. Anaitasunak berriz ere hutsetik ekin behar izan zion neurketari, baina zaila egin zitzaion Cultural Durangoren jokamoldea balaztatzea. Durango ondoren oso erraz hasi zen Arrutiren ate ingurura iristen, eta Orioko atezainak nahi baino gehiagotan egin behar izan zuen lana. Pare bat gelditu onekin, eta jokaldi batean zutoinak babestuta, atsedenaldira banako emaitzarekin iritsi zen neurketa.

Gorrixek bigarren zatiaren hasieratik izan zuten baloi gehiago, baina bisitariek baloi gabeko lana ongi egin zuten, eta bigarren zatiko bederatzigarren minutuan hartu zuten aurrea. Ezker hegalera zabaldu zuten jokoa kanpotarrek, eta area barruan eskuin aldera jokoa zabalduta, Arruti gainditu zuten jaurtiketa gurutzatuta.

Anaitasunak baloia bere oinetan izan zuen, baina azken metroetan arriskua sortzea falta izan zitzaion taldeari. Gureek ez zuten lortu area ertzera iristeko zirrikiturik. Aukera gutxi izan zituen bigarren zatian gorrixek. Argiena Moyak ezker hegaletik erdiratu eta Anderrek behartuta egin zuen erremateaizan zen. Durangok, bestalde, bidea aurkitu zuenean min egin zuen, eta horrela, 86. minutuan iritsi zen neurketa erabaki zuen gola. Pase luzea egin zioten durangarrek zelairatu berria zen aurrelariari. Oinetan jaso zuen baloia Durangoko jokalariak, eta jaurtiketa egitea lortu zuen. Gure jokalari baten oinean jo zuen jaurtiketan baloiak, eta zuzenean Arrutik defendatzen zuen ateko lerroa gainditu zuen.

Denboraldi guztian egin bezala, Cultural Durangoren aurka ere dena eman zuten mutilek, baina liderrak lehen postua beretzat erdi itxita uzteko hiru puntu batu zituen Txerloian. Anaitasuna, berriz, gaur arratsaldeko partidetara begira jarria da. Gaur bertan Bermeok irabaziko balu, Anaitasunak maila galduko luke urtebeteren ondoren. Datorren asteburuan beste jardunaldi bat jokatuko dute mutilek. Muskizera bidaiatuko dute Somorrostroren aurka jokatzeko.


 

Fitxa teknikoa:

Anaitasuna: Arruti, Diez, Markel, Sergio, Moya, Unai, Beitia, Aramendi (Xabi, 86. min), Letamendia (Mikel Pastrian, 56. min), Ander, Iriarte.

Cultural Durango: Errasti, Jagoba, Infante (Txopitea, 69. min), Varela, Aranda, Alonso, Egaña, Molina, Unzueta (Gogeaskoetxea, 80. min), Ekain, Iparra (Zuazo, 76. min).

Golak: 1-0 (Iriarte, 3. min), 1-1 (Molina, 13. min), 1-2 (Ekain, 54. min), 1-3 (Gogeaskoetxea, 86. min)

Epailea: Azcona, Aguinaga eta Carballo marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi zuten, Anaitasunatik, Sergiok, Unaik, Beitiak eta Mikel Pastrianek. Cultural Durangotik, Errastik, Egañak eta Molinak ikusi zuten.