Urrats okerra Las Llanas zelaian

Sestao River 4
Anaitasuna CD 0

Sestaon jasotako porrotaren ondoren egoera zaila du taldeak. Lau jardunaldiren faltan zazpi puntura dute mutilek mailari eusteko postua

Anaitasunak porrot gogorra jaso du Sestao Riverren zelaian. Atsedenaldirako bideratuta utzi dute partida sestaoarrek bi gol eginda, eta bigarren zatian laster utzi dute erabakita. Anaitasunak lehen zati makurra egin du, eta Sestao River oso erraz iritsi da Arrutiren ate-eremura. Bigarren zatia txukunagoa egin duen arren, ez du lortu neurketan sartzerik.

IMG 2264

Hasieratik nabaritu da jokoan Sestaok izango zituela neurketaren ekimena, kontrola eta golaukerak; eta horrela izan da. Anaitasunak aurkari sendoa aurkitu du, eta eskuin hegaletik behin eta berriz egin dute min sestaoarrek. Hirugarren minuturako abisua eman dute etxekoek area barruan egindako jaurtiketa batekin, eta 17. minutuan gertu izan dute bat eta hutsekoa. Area barruan Arruti gainditu du etxekoen aurrelariak, eta bizkaitarren lehen gola izango zela zirudienean, Sergio Barquero agertu da arrastan botata baloia atepetik ateratzeko. Etxekoek penaltia ere eskatu dute Sergiok baloia eskuarekin urrundu duela esanez.

26. minutuan, baina, ez dute gureek gola eteterik lortu. Zelai erdiko lehia batean nagusitu da Sestao Riverreko jokalari bat, eta gureen zelai erdira sartu dira gero etxekoek. Jokoa ezker aldera irauli dute segituan, eta bertan, area barrura sartu, gure defendatzaileak atzean utzi eta Arrutik defendatzen zuen ateko lerroa gainditu du baloiak arratsaldeko lehen gola egiteko.

Gureek ez dute aurkariari min egiteko zirrikiturik aurkitu Las Llanas zelaian, baina Aramendi ezustekoa ematetik gertu izan da 37. minutuan. Pase luze batean atzelaria eta Aramendi lehian sartu dira, ezker hegaleko area ertzean. Gure ezker jokalariak etxekoen atzelariari baloia ostu dio eta segituan aterako bidea hartu du. Jaurtiketa egiteko angelu handirik ez du aurkitu Aramendik, eta ondorioz, atezainak baloia ukituta kendu dio oinetatik.

Handik segituan, 41. minutuan, Sestaok bigarren gola egin du. Eskuin hegaletik eraman dute etxekoek jokoa behin eta berriro, eta area ertzean konbinazio ona eginda, area barruan sartzea lortu dute sestaoarrek. Indar handiz egin dute erdiraketa, eta beste aurkari bat defendatzen zen Markel Eskurtzari ustekabean soinean jo ostean ate barrurako bidea hartu du baloiak. Ezin izan dute Markelek eta Arrutik ezer egin gola ekiditeko.

Atsedenaldira iritsi baino segundo gutxi lehenago Anaitasunak bi eta batekoa litzatekeenaren gola egin du. Sergio izan da golegilea, baina epaileak golari balioa kendu dio, antza, atezainari Anaitasunako jokalari batek falta egin diola adieraziz. Atezaina area txikitik kanpo zen, eta gainera, kontaktua oso txikia izan da. Beraz, golak baliozkoa izan behar zukeen. Bi eta batekoarekin, ziur aski, partidak beste norabide bat izango zuen bigarren zatian.

Aldageletatik bueltan, 49. minutuan, Julen Iriartek gertu izan du gola. Aitor Diez nekaezin batek jokaldi ona egin du eskuin hegalean, eta Iriarteri egin dio gero pasea. Iriartek jaurtiketa egin du, baina, kanpora joan da. Lehen zatian baino joko hobeagoa egin dute gureek, baina, halere ahul ibili dira mutilak. 53. minutuan, Unaik izan du aukera, akaso, neurketako argiena. Ezker hegaletik Iñigo Arzalluzek egin du erdiraketa eta kapitainak buruz bakar-bakarrik egindako errematea erdi-erdira irten zaio; atezainak bere eskuetan jaso du baloia.

Bi eta batekoa izan behar zuenetik, hiru eta hutsekora joan da neurketa; futbolak dituen legerik gaiztoena bete behar izan dute Las Llanasen gorrixek. Gure defentsen bizkarrera egindako pase luze batean, Ander Moya eta aurrelaria gelditu dira nor baino nor gehiago, eta azken unean Anaitasunako atzelari durangarrak aurrelaria zangotrabatu du, eta epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi du. Hamaika metrotatik egin duten jaurtiketan ez dute barkatu etxekoek, eta hiru eta hutsekoa egin dute.

Ordutik aurrera neurketaren erritmoak behera egin du nabarmen, eta Anaitasuna saiatu den arren, oso aukera gutxi egin ditu. 78. minutuan iritsi da arratsaldeko Sestao Riverren laugarren eta azken gola. Beste pase luze batean, mugimendu ona egin dute etxekoek, eta hegaletik atearen aurrean bakarrik gelditzeko pasea egin eta gero, ez dute hutsik egin sestaoarrek. Azken minutuetan, gainera, bizpahiru abagune izan dituzte markagailua handitzeko.

Lau jardunaldi besterik ez dira gelditzen denboraldia amaitzeko. Lau partida, lau final gorrixentzat. Zenbakiek kontrakorik ez dioten bitartean, gure mutilek amaierara arte borrokatuko dute mailari eusteko. Datorren zapatuan lau partideko lehena izango dute Xabi Artetxeren mutilek. 17:00etan, Cultural Durango liderra jasoko dute Txerloian. Herritarrekin eta zaleekin batera liderra menderatzeko gai da taldea, eta Txerloia goraino bete behar da hiru puntu garrantzitsu eskuratzeko.


Fitxa teknikoa:

Sestao River: Lavin, Gago, Altair, Murua, Arzamendi, De Eguino, Aitor Villar, Eneko Rubio (Muñoyerro, 68. min), Orozko, Parra (Urzelai, 80. min) eta Etxaburu (Garmendia, 73. min).

Anaitasuna: Arruti, Diez (Godoy, 82. min), Sergio, Markel, Moya, Unai (M. Pastrian, 63. min), Barandiaran (Beitia, 52. min), I. Arzalluz, Aramendi, Ander eta Iriarte.

Golak: 1-0 (Etxaburu, 26. min), 2-0 (Markelek bere atean, 41. min), 3-0 (Parra—penaltiz—, 55. min) eta 4-0 (Garmendia, 78. min)

Epailea: Arbaiza Camino epailea, Casas Gomez eta Fontecha Marquez marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi du Sestao Riverretik, Urzelaik. Anaitasunatik, berriz, Unaik, Barandiaranek, Aramendik eta Mikel Pastrianek.