Egoera zaildu duen porrota

Anaitasuna CD 0
Balmaseda 2

Balmasedak atsedenaldiaren aurretik emandako bi kolpek erabaki zuten Txerloiako neurketa

Anaitasuna irabaztetik urrun izan zen Balmasedaren aurka. Aurrean jokoan ezer ez zuen taldea aurkitu zuten gorrixek, eta zelaian nabarmen gelditu zen hori. Lehen 45 minutuak bete aurretik egin zituen talde bizkaitarrak neurketako bi golak, eta gureei zaila egin zitzaien ondoren aldea murrizteko golaukerak sortzea. Bost jardunaldiren faltan, sei puntu goitik du mailari eusteko postua Xabier Artetxek gidatzen duen taldeak.

AnaiBalma

Anaitasuna gogor saiatu zen, eta gure mutilena izan zen jokoaren ekimena hasierako minutuetan. Halere, zelai erditik aurrera erdiko jokoan Balmasedak jarritako saretik aurrera egin ezinda izan ziren mutilak. Horrela, hegaletatik iritsi ziren gureen lehen abaguneak. Lehena bigarren minutuan izan zen, eskuin hegaletik. Ander Arabaolazak baloia gorputzarekin ondo jaitsi, Iñigok area barrura egindako mugimendua ikusi eta pasea eginda. Iñigoren jaurtiketa bisitarien atezainak urrundu zuen, ordea. Bigarrena ezker hegaletik Ander Moyak egindako erdiraketatik iritsi zen. Erdiraketa ona, baina luea egin zuen durangarrak, eta bigarren zutoina pasata Mikel Pastrianek egindako errematea alboko sarea jota, kanpora joan zen.

Balmasedak ere arriskua egin zuen Anaitasunaren erdiko lerroa gaindituta hartutako baloietatik, eta lehen abisuan golaukera garbia izan zuten. Bisitarien gizonik aurreratuenari gureen bizkarrera egindako pase bat area barruan jaso zuen Balmasedako aurrelariak, baina jaurtiketa gehiegi gurutzatuta, kanporako bidea hartu zuen.

Lehen aukeran abisua emanda, bigarrengoan ez zuten barkatu balmasedarrek. 23. minutuan area barruan zintzilikatutako baloi luze bateko lehia irabazi zuten bisitariek, eta ondoren pasea atzean zen aurrelariari eginda, Balmasedak huts eta batekoa egin zuen Txerloian. Zelaian eta harmailan isiltasun gogorra sortu zen; Txerloia izoztuta gelditu zen.

Golaren ondoren Anaitasunak behera egin zuen, eta Balmasedak hartu zuen partidako aginte makila. Erraztasun handiz iritsi ziren gorrixen area ertzera, nahiz eta arrisku gehiegi ez egin. Falta erdiraketa batean egindako burukadan egin zuten bizkaitarrek huts eta bikoaren aurreko golaukera garbiena. Segituan, 35. minutuan, iritsi zen huts eta bikoa. Area ertzean aldaratze bat jaso zuten bisitariek, eta atera egindako jaurtiketa Arrutiren azpitik barrura joan zen. Bigarren golak lehenak baino kolpe handiagoa eman zien gorrixei.

Atsedenaldira iritsi aurretik, ordea, gure mutilek margailuko aldea murrizteko saiakerak egin zituzten eta Markelek eta Anderrek esku-eskura izan zuten bat eta bikoa. Lehenak, Aramendiren hegaleko erdiraketa gaizto batean ez zuen errematea egiten asmatu, eta bigarrenak area ertzean solte geditu zen baloia atera bizkor jaurtita, atezainak desbideratu zuen baloia.

Bigarren zatia hotz hasi zen, eta aukera gutxi izan ziren 68. minutura arte. Kolpetik, ordea, gorrixek bi abagune egin zituzten. Lehen aukera Anderrek izan zuen area barruan; aurrelariak egindako jaurtiketa gora joan zen. Handik bi minutura berriz, aurkariaren zelai erdia gainditu zuen Moyak egin zion erdiraketa Anderri. Buruz egin zuen errematea Anderrek, baina ordukoa zutoinaren albotik joan zen kanpora. Ordutik aurrera, nahia eta ezina izan zen. Aukerak Balmasedak egin zituen.

Etxean jasotako beste porrot batekin, egoera zaildu egin da. Basconia eta Bermeo dira gorrixek aurrean dituzten aurkari zuzenak, biak sei puntura. Datorren asteburuan Hirugarren Mailako taldeak Sestao Riverren zelaian jokatuko du, Las Llanas zelaian, igande arratsaldeko 17:30ean. Play-off postuetan dagoen aurkaria da eta biek asko izango dute jokoan.

📸 Argazki bilduma


Fitxa teknikoa

Anaitasuna: Arruti, Diez (Letamendia, 73. min), Sergio, Markel, Moya, Barandiaran (Godoy, 58. min), Landa (Beitia, 51. min), Mikel Pastrian, Iñigo Arzalluz, Aramendi, Ander.

Balmaseda: Bruno, Estevez, Arkarazo, Javi, Corral, Benito, Apellaniz (Txabo, 63. min), Del Olmo, Lambarri (Ander Franco, 75. min), Arandilla, Raul (Borja, 90. min).

Golak: 0-1 (Lambarri, 23. min), 0-2 (Del Olmo, 35. min).

Epailea: Haro, Marcos eta Estalayo marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi dute, Anaitasunatik, Markelek, Anderrek, Mikel Pastrianek. Balmasedatik, Estevezek eta Arkarazok.