Garaipen itzela Zamudion

Zamudio 1
Anaitasuna CD 4

Anaitasuna oso eraginkorra izan zen azken metroetan, eta denboraldiko bosgarren garaipena lortu zuen Zamudion

Hirugarren Mailako taldeak balio handiko hiru puntu bereganatu zituen Zamudioko Gazituaga zelaian. Aukerei dagokionean lehen zati parekatua egin zuten Zamudiok eta gorrixek, baina gureek hartu zuten aurrea. Ez zen askorako izan, laster egin baitzuten banakoa etxekoek. Atsedenaldira bitartean apur bat sufritu egin zuten mutilek, baina aldageletatik bueltan segituan hartu zuten berriz mutilek aurrea. Gerora, azkoitiarrek izan zuten aukera bakoitzean, baloiak ate barruan amaitu zuen. Gol sorta ederra, eta hiru puntu handi gureentzat.

Zamudio Anai

Baloia etxekoena izan zen neurketa hasieratik, baina Anaitasunak lapurtutako baloietatik etekina ateratzen jakin zuen. Zelaiaren hiru laurdenetan hasi zuten presioa gorrixek, eta gero berreskuratutako baloietatik etxeko atzelarien bizkarrera egindako paseen bitartez arrisku bat baino gehiago sortu zuten.

Segituan eman zuten gure mutilek lehen abisua. Hirugarren minutuan, eskuin hegaleko falta batean Zamudioko atezainak irteera txarra egin zuen baloia urruntzeko asmoz, baina gureek buruz baloia zutoinera bidali zuten. Seigarren minutuan, berriz, Zamudiok eman zuen bere abisua. Ezker hegaletik arriskutsu erdiratu zuten baloia Arrutiren ate-eremura, eta etxekoek atzetik aurrera area txikia zapalduta oinarekin egindako errematea, ozta-ozta zutoinaren ondotik kanpora joan zen.

Anaitasunak aurrelariek hegaletara egindako mugimenduen bitartez egin zuen min, eta jokaldi on bat baino gehiago egin zituzten modu horretan. Huts eta batekoaren gola egin aurreko jokaldia ere bide horretatik aurkitu zuten gorrixek. 19. minutuan iritsi zen Anaitasunaren arratsaldeko lehen gola. Aramendik erdiraketa aparta egin zuen Anaitasunak erasotzen zuen eskuin hegaleko kornerretik. Etxekoen atezainak, beste behin, irteera traketsa egin zuen, eta Unaik atepeko gizonari aurrea hartuta, buruz baloia sareetara bidali zuen. Handik lasterrera, Iriartek bere oinetan izan zuen huts eta bikoaren gola. Zamudioko atezainak kornerrera desbideratu zuen ordukoan baloia.

Gorrixek eroso ikusten ziren erasoan, baina defentsa lanean sufritu egin zuten apur bat. Etxekoek gureen erdiko lerroa gainditzen zutenean, jokalari askorekin iristen ziren areara, eta 28. minutuan eskuin hegaletik erdiratutako baloia bigarren zutoinaren parean errematatuta lortu zuten bizkaitarrek banakoaren gola. Golarekin asko berdindu zen neurketa, eta aukerak ere murriztu egin ziren. Zamudiok beste arrisku sentsazio bat sortu zuen zelaian. Anaitasunaren area alboetatik behin baino gehiagotan sartu ziren, baina atera pare bat jaurtiketa besterik ez zituzten egin. Iriartek Sergioren pase baten bitartez ere izan zuen aukera bat atsedenaldira iritsi aurretik.

Aldageletara banakoarekin joan ziren, Anaitasunarentzat emaitza laburregia zen inolaz ere. Hori ikusita bizi zelairatu ziren mutilak, eta 47. minutua betetzear zela Ander Arabaolazak etxekoen erdiko atzelariari baloia lapurtu eta area barruan sartu zen aurrelaria. Anderrek ezkerrez egindako jaurtiketa zutoinaren ondotik sareetara joan zen. Mutilek pozarren ospatu zuten gola. Gorrixek berriz ere aurretik ziren.

Golarekin Anaitasunak lehen zatiko bide berdinari heldu zion. Zelai erdi inguruan itxaron zion aurkariari, eta horrela bete-betean asmatu zuten gureek, Zamudiok erasora egin baitzuen. Ez zuten arrisku handiegirik sortu gureen arean, eta area ertzetik egindako bizpahiru jaurtiketetan adi egon zen Arruti atezain oriotarra.

Zamudio Anaitasunaren zelaian aritu zen minuturik gehienetan, baina 69. minutuan, bat eta hirukoa egin zuten gureek. Hiru ukitu, hiru pase nahikoa izan zituzten mutilek defendatzen zuten arean baloia lapurtu, Aramendirekin jokatu eta ezker jokalariak Iriarte atezainaren aurrean uzteko. Atezainak Iriarterengana irten zuen area kanpora baloia moztera, baina gorrixen aurrelariak atzean utzi zuen etxekoen atepeko jokalaria eta eskuinez Anaitasunaren aldeko gola lortu zuen. Gureek gero eta gertuago ikusten zuten denboraldiko bosgarren garaipena.

Halaber, laster iritsi zen mutilen laugarren gola ere. 73. minutuan, area ertzetik metro batzuk atzera eginda adierazi zuen epaileak Anaitasunaren aldeko falta, eta Aramendik zuen indar guztia atera zuen jaurtiketa atera jaurti eta Anaitasunaren aldeko laugarren gola egiteko. Jaurtiketa ona izan zen Aramendirena; atezainak baloia ukitu bazuen ere, eskuetatik ihes egin eta sareetara joan zen zuzenean baloia. Laugarren golarekin erabat ziurtatuta gelditu zen Anaitasunaren garaipena. Azken minutuetan ezer gutxi ikusi zen Gazituagan. Kontraerasora irteteko aukera bat baino gehiago izan zituzten gorrixek Gazituagan, baina baloia oinetan zutenean lasai jokatzearen aldeko hautua egin zuten. Zamudiok ere ez zuen gehiegi estutu Anaitasuna.

Denboraldiko bosgarren garaipena batu zuten gureek Zamudioko Gazituagan, garaipen borobila zinez. Etxetik kanpo azken jardunaldietan bi garaipen lortuta, Txerloian hiru puntu batzeko garaia da orain. Datorren asteburuan Balmaseda jasoko dute gureek, jokoan ezer asko ez duten aurkaria. Errenkadan bigarren garaipena lortuta, gertuago izango dituzte gorrixek mailari eusteko balio duten postuak. Partidaz partida, borrokan jarraitzeko prest da taldea!


Fitxa teknikoa:

Zamudio: Galder, Matias, Anton, Etxaniz, Ibai, Egiguren (Xabi, 71. min), Yundi, Barrenetxea (Zarrabeitia, 71. min), Markel, Barahona, Romero (Azkorra, 71. min).

Anaitasuna: Arruti, Izagirre (Diez, 53. min), Sergio, Markel, Moya, Unai, Mikel Pastrian, IƱigo Arzalluz, Aramendi (Landa, 74. min), Iriarte (Letamendia, 88. min), Ander.

Golak: 0-1 (Unai, 19. min), 1-1 (Romero, 28. min), 1-2 (Ander, 47. min), 1-3 (Iriarte, 69. min), 1-4 (Aramendi, 73. min)

Epailea: Garcia epailea. Txartel horia ikusi zuten, Zamudiotik, Romerok, eta Anaitasunatik Arrutik, Unaik eta Iriartek.