Beasain, aste barruko geltokia (gaur, 20:00)

Beasaingo Loinaz zelaian jokatuko du gaur iluntzean Hirugarren Mailako taldeak, 20:00etan, etxeko taldearen aurka. Banaka batzen jarraitzeari utzi, eta hirunaka batzen hasi nahi du taldeak, baina aurrean talde gogorra aurkituko du Igor Quindosen taldeak.

Zazpi jardunaldi jokatu eta gero, Anaitasuna da Hirugarren Mailan porrotik jaso ez duen talde bakarra. Sei berdinketa eta garaipen bat batu dituzte gorrixek orain arte, baina banaka puntuak gehitzea zer den ondo ezagutu eta gero, hiru puntu batu nahi dituzte gaur iluntzean Beasainen. Aste honek garrantzia handia izango du sailkapenera begira, eta asteko lehen neurketa honetan dena eman nahi dute mutilek.

Azken hiru partidetan puntu bakarra batu dute beasaindarrek. Somorrostroren aurka batu zuten puntua. Aurrez Durangon, eta ondoren Getxon burua makurtu beharrean aurkitu da Beasaingo taldea. Halere, etxean sendo agertu da orain arte Anaitasunaren gaurko aurkaria; 2017ko martxoaren 25etik galdu gabe dago Beasain etxean. Aurtengo denboraldian etxean jokatutako hiru partidetatik bi irabazi eta bat berdindu dituzte beasaindarrek Loinaz zelaian; Zamudio eta Sestao River garaitu zituzten etxean Urtzi Arrondo Beasaingo entrenatzailearen mutilek.

Anaitasuna estatistika hori hausten saiatuko da, gaur. Aste honetako egutegia dela eta, gureek astelehenean eta atzo egin zuten lan saioa, eta atzoko entrenamenduaren ostean, gaur jakinarazi du Quindos entrenatzaileak Beasainera eramango duen jokalari zerrenda. Ikusi deialdia, jarraian:

Deialdia-vs-Beasain