Maiatzak 5-6 asteburuko kronikak

Maiatzak 5-6 asteburuan gure harrobiko taldeek izan dituzten emaitzak laburbildu ditugu kroniketan. Irakurri ondoren, mailaz-maila, talde bakoitzaren kronika:

Senior Neskak

Ostadar 1
Anaitasuna CD 1

Puntu banaketa Michelin zelaian

Partidari ondo ekin zioten gorrixek, eta ordu laurdenerako markagailuan aurretik ziren kontraeraso azkar bati esker. Jokoaren ekimena eta gol aukerarik onenak gureenak izan ziren, langara egindako jaurtiketa bat tarteko. Ate aurrean ez zuten asmatu, ordea, eta etxekoen berdinketa iritsi zen korner batean.

Bigarren zatian, lehenengoan bezala, nagusi izan ziren jokoan gure neskak, baina etxekoak atzean itxi ziren eta kontraerasora jokatu zuten. Golaren bila gogor saiatu baziren ere, ez zuten lortu atea berriz zulatzerik gorrixek. Lan ona eginda puntu garrantzitsua eskuratu zuten Lasarten. Bigarren postuan dira, Eibar taldeagatik puntu bakar batera.

Golegilea: Maider Badiola

Asteburuan Lagun Onaken aurkako derbia jokatuko dute Txerloian (igandea, 17:00).


 

1go Erregionala

Anaitasuna CD 5
Mutriku 1

Igoera lortzeko urrats handia

Igande arratsaldean jokatu zuten partida 1go Erregionalek, San Juan futbol zelaian. Partida hasieratik bukaerara arte, Anaitasuna nagusi izan zen berdegunean. 25 minutu ere ez ziren pasa, eta gorrixek hiru eta huts ziren aurretik markagailuan, Julen Aramendi, Patxi eta Ioannes Garateren gol banarekin. Horrela bukatu zen lehen zatia, baina abantaila handiagoa izateko aukera asko izan zituzten mutilek.

Bigarrenean berdin jarraitu zuten Erregionalek, gogor eta jokoan nagusi. 57. minutuan, ordea, Mutrikuren gola iritsi zen. Taldea ez zen behera etorri bisitarien golaren ondoren, eta minutu gutxira Julen Aramendik garaipena ziurtatzeko laugarren gola egin zuen. Laster batean, berriz, Ioannes Garatek bere bigarren gola eginda neurketa borobildu zuten.

Golegileak: Julen Aramendi (2), Patxi eta Ioannes Garate

Asteburuan Roteta jasoko dute Txerloian (zapatua, 18:00). Partida irabazita, mailaz igotzea lortuko dute mutilek.


 

Ohorezko Jubenilak

Ostadar 2
Anaitasuna CD 2

Puntua denboraldiaren agurrean

Azken partidari jokoan ezer ez zutela ekin zioten, eta hori nabaritu egin zen Michelin zelaiko berdegunean. Oreka nagusitu zen Lasarten. Atsedenaldira hutsean iritsi ondotik, 56. minutuan, Xabiren erdiraketa bikain errematatu zuen Emmak sareetara. Gorrixen aldeko abantailak, ordea, ez zuen asko iraun. Bi minutura etxekoen banakoaren gola etorri zen.

Denboraldia garaipenarekin itxi nahi zuten gorrixek, eta Enekok Anaitasuna aurretik jarri zuen laster, Mikelen erdiraketa buruz errematatu eta gero. 90. minutuan, eta hiru puntuak kolore gorrikoak izango zirela zirudienean, etxekoek binakoaren gola egin zuten, markagailua binakoarekin uzteko.

Denboraldi ona egin dute Ohorezko Jubenilek. Denboraldi guztia lehen postuetan pasatu zuten gorrixek, eta nahiz eta saririk lortu ez, harro egoteko moduko urtea egin du taldeak.

Golegileak: Emma eta Eneko

Amaitu dute denboraldia.


 

Ohorezko Kadete Mutilak

Anaitasuna CD 3
Zarautz 1

Garaipena urteko azken partidan

Neurketara ondo sartu ziren gorrixek, eta bosgarren minutuan Julenek, penaltitik, aurretik jarri zuen Anaitasuna. Lehen zatian partida kontrolpean izan zuten gure mutilek, aurkariaren zelaian jokatu zuten, eta aukera batzuk ere egin zituzten, argiak ez izanagatik ere.

Bigarren zatia parekatuago hasi zen, baina 15. minutuan, berriz ere Julenek, bi eta hutsekoa egin zuen. Pase luze baten ondoren atezainaren aurrean gelditu zen aurrelaria, eta baloia sareetara bidali zuen. Handik bost minutura, Julenek erdiratutako baloia Landerrek errematatu zuen hiru eta hutsekoa egiteko. Emaitza horrekin lasaiago aritu ziren gureak, eta zarauztarrek izan zuten baloia. Aukera askorik ez egin arren, partidako azken jokaldian urruneko jaurtiketa batetik lortu zuen gola kanpoko taldeak.

Golegileak: Julen (2) eta Lander

Amaitu dute denboraldia


 

Ohorezko Kadete Neskak

Amaikak Bat 1
Anaitasuna CD 2

Ez da Ohorezko Kadete Nesken neurketako kronikarik jaso.

Asteburuan, San Juanen, Hernaniren aurka jokatuko dute mailari eusteko partida erabakigarria (zapatua, 12:30).


 

1go Kadeteak

Arrasate 0
Anaitasuna CD 2

Ez da 1go Kadeteen neurketako kronikarik jaso.

Asteburuan Kopako final zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute Vasconia B taldearen aurka San Juanen (zapatua, 10:15)


 

Ohorezko Infantilak

Hernani 3
Anaitasuna CD 2

Maila desberdineko bi zati

Ohorezko Infantilek ez zuten lehen zatian erakutsitako mailari eusten jakin bigarren zatian, eta huts eta biko abantaila alferrik galdu zuten. Etxekoek bigarren zatian hiru gol eginda, neurketa irauli zuten. Baloia Anaitasunarena izan zen uneoro. Baloiarekin egin zuten eraso, eta baloia oinetan zutela defendatu, aurkariari futbolean egiteko betarik ere eman gabe. Lehen zatia borobila izan zen, nahiz eta erasokorrago izateko aukerak izan eta ez aprobetxatu. Atsedenaldira huts eta biko abantailarekin joan ziren gorrixek.

Aldageletatik bueltan, ordea, gauzak aldatu egin ziren. Hernanik presioa gorago egin zuen, eta gureek ez zuten zelai erdia gainditzerik lortu ere egin. Etxekoek ez zuten aukera asko izan, baina neurketa berdindu eta luzapenean garaipenaren gola erdietsi zuten. Esku hutsik eta burumakur itzuli ziren mutilak Zubipe zelaitik. Entrenatzaileek garbi esan zieten partidaren amaieran: «bi zatiak modu berean jokatuz gero, zuei irabaztea zaila izango da». Harro egoteko lehen zatia, eta asko ikasteko bigarren zatia.

Golegileak: Unai Azkune eta Luis Juaristi

Asteburuan Elgoibar jasoko dute San Juanen (zapatua, 15:30).


 

Infantil Txiki

Anaitasuna CD 1
Lagun Onak 2

Merezi ez zuten porrota azpeitiarren aurka

Denboraldi guztian bezala, eta derbia zela jakinda, entrenatzaileek jakinarazi ziteen bere jokalariei irabazteak bakarrik ez zuela balio, merituak egiteari garrantzia gehiago emango zietela. Gogor ahalegindu ziren eta merituak egin zituzten hiru puntuak etxean geratzeko. Alde horretatik gustora gelditu ziren entrenatzaileak.

Lehenengo zatia parekatua izan zen, baina gorrixek izan zituzten aukerarik garbienak. Azpetiarrek, baloi luzeetean eta espaziora egiten zuten arriskua, oso gutxitan iritsi ziren etxekoen areara. Horietako batean, ordea, gola erdietsi zuten, atzelarien 'hutsa' aprobetxatuta.

Bigarren zatia ere ildo beretik joan zen, lehen hogei minutuetan aukera bat bestearen atzetik egin zuten gorrixek: zutoina, langa... Ez zuten eguna izan ate aurrean. Bisitarien bigarren gola, huts eta batekoaren antzekoa izan zen. Emaitza horrekin, azkoitiarrak partida hura nola galtzen ari ziren sinetsi ezinda ziren.

Azkeneko ordu laurdenean ez zen ia futbolik ikusi. Epailearen lan kaskarrak eta nekeak ere partida asko geratu zuten. Etxekoek aldea murriztea lortu zuten, penaltiz, baina ez zien denborarik eman gehiagorako. Markagailuagatik penaz, baina harro azpeitiarrak baino hobeagoak izan zirelako.

Golegilea: Joritz Arozena

Asteburuan Eibarren aurka jokatuko dute Unben (Igandea, 15:30).


 

Infantil Neskak

Anaitasuna CD 15
Ikasberri 0

Garaipen erosoa Ikasberriren aurrean

Neurketa erraza jokatu zuten Infantil Neskek Ikasberriren aurka; hasieratik nabaritu zen bi taldeen arteko diferentzia. Azpeitiarrak ez ziren gureen ate-eremura iritsi ere egiten, eta gorrixek aukerak egin eta egin ibili ziren. Lehen zatia bost eta hutseko markagailuarekin amaitu zen.

Bigarren zatia eta hirugarrena, berriz, berdinak izan ziren. Bisitariek ez zuten Anaitasunari min egiterik lortu, eta gure neskek egindako ia abagune bakoitza gola izan zen. Denboraldia amaitu dute Infantil Neskek, eta entrenatzaileek azaldutakoaren arabera, «egin duten denboraldia ikusita, neskei zorionak ematea besterik ez zaigu gelditzen». «Datorren denboraldian Kadete mailara pasatuko dira neskak, eta zorterik onena opa diegu etorkizunean», esan dute agurtzeko.

Golegileak: Alba (3), Iraia (2), Itxaso (4), Eider (2), Irati (2) eta Ane (2)

Amaitu dute denboraldia.


 

1go Infantilak

Kostkas 0
Anaitasuna CD 1

Ez da 1go Infantilen partidako kronikarik jaso.

Amaitu dute denboraldia.