Apirilak 14-15 asteburuko kronikak

Apirilak 14-15 asteburuan gure harrobiko taldeek izan dituzten emaitzak laburbildu ditugu kroniketan. Irakurri ondoren, mailaz-maila, talde bakoitzaren kronika:

Senior Neskak

Anaitasuna CD 3
Touring 0

Ez da Senior Nesken partidako kronikarik jaso.

Asteburuan, Urnietaren aurka jokatuko dute Urnietan (zapatua, 12:00).


 

1go Erregionala

Amara Berri 3
Anaitasuna CD 0

Igoera postuen borroka estuan murgilduta

Partida parekatua jokatu zuten Amara Berrik eta Anaitasunak lehenengo zatian, baina ezin izan zuten gure mutilek baloia sareetara bidali, pare bat aukera sortu bazituzten ere. Atsedenaldira iritsi aurretik, 40. minutuan, egin zuen etxeko taldeak arratsaldeko lehen gola.

Bigarren zatian berdintasuna izan zen nagusi, baina gureek golaren bila aurrera egin behar izan zuten, ezinbestean. 70. minutuan iritsi zen bi eta hutsekoa. Kolpe gogorra jaso zuten gorrixek bigarren golarekin, eta 85. minutuan jasotako hirugarrenak erabakita utzi zuen behin betiko neurketa. Martutenen jasotako porrotarekin taldea promozio postura jaitsi da.

Asteburuan Antigua Luberri jasoko dute San Juanen (zapatua, 15:30).


 

Ohorezko Jubenilak

Anaitasuna CD 3
Aretxabaleta 0

Eibarrek noiz huts egingo zain, ez dute barkatzen Ohorezko Jubenilek

Lehen minuturako aurretik ziren gorrixek Aretxabaletaren aurka. Ekainek luze ateratako hegaleko sakea Perezek buruz atzeratu zuen, eta ukitu hori baliatu zuen Eneko Espinakok bat eta hutsekoa egiteko. Bi eta hutsekoa, berriz, ordu erdia bete aurretik iritsi zen. Ekainek pase luzea egin zion Emmari, eta atzelariari iskin eginda, baloia sareetara bidali zuen. Lehen zati ikusgarririk egin gabe, aukerak ondo baliatu zituzten mutilek atsedenaldira abantaila politarekin iristeko.

Bigarren erdian hobeto zelairatu zen Anaitasuna, eta partida erabakita eta itxita utzi zuen gola 51. minutuan iritsi zen. Jokaldi dotore baten ostean, Xabiren erdiraketa bikaina probestu zuen Garmendiak gola egiteko. Hiru eta hutsekoarekin berandu zen, baina bisitariak aldea murrizten saiatu ziren. Aukera apur batzuk izan bazituzten ere, gureek atea hutsean mantendu zuten.

Golegileak: Eneko, Emma eta Garmendia

Asteburuan Bergararen aurka jokatuko dute Ipintza zelaian (zapatua, 17:45).


 

Ohorezko Kadete Mutilak

Aretxabaleta 2
Anaitasuna CD 2

Puntua urratu dute Ohorezko Kadete Mutilek Ibarran

Partida pare-parean hasi zuten Aretxabaletak eta Anaitasunak. Baloia ez zen bi taldeetako inorena, zelai erdian izan baitzen denbora luzez, eta bi areetan presentzia gutxi egin zuten bi aurkariek. Halere, gorrixek hartu zuten aurrea berdegunean. Landerrek egin zuen huts eta batekoaren gola area kanpotik egindako jaurtiketa batean. Atsedenaldira iritsi aurretik, ordea, berdinketaren gola egin zuten etxekoek falta jaurtiketa batetik.

Bigarren zatira ondo sartu zen Anaitasuna, eta bigarren minutuan Julenek berriz ere gorrixek aurretik jarri zituen. Inharrek baloia lapurtu eta sakonean egin zion pasea Juleni. Aurrelariak atezaina gaindituta lortu zuen gola. Neurketa kontrolpean zuten gureek, baina etxekoek pase luze baten bitartez lortu zuten gola egitea. Gureen hutsa ondo baliatu zuten gola erdiesteko. Amaierara bitartean baloia aretxabaletarrek izan zuten. Anaitasunaren zelaian izan zen jokoa minuturik gehienean, inolako arriskurik gabe.

Golegileak: Lander eta Julen

Asteburuan Bergara jasoko dute San Juanen (zapatua, 12:00).


 

Ohorezko Kadete Neskak

Anaitasuna CD 2
Goierri Gorri 0

Arnasa hartzeko garaipena

Neskek euren jokoa eginda, Goierri Gorriren aurkako neurketa aurrera ateratzea lortu zuten; bide batez arnasa hartu dute beheko postuetatik irteteko. 27. minutuan, Mariak area barrura barneladia egin zuen, eta ondoren, Garazi pasea egiten hasi zenean, area barruan penaltia egin zioten. Epaileak adierazi, Josunek jaurti eta bat eta hutsekoa egin zuen gorrixen alde.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, Mariak bi eta hutsekoa jarri zuen markagailuan, berak burututako jokaldiaren ostean bikain amaitu zuen atezainaren gainetik. Amaierara bitartean apur bat sufritu bazuten ere, denboraldiko seigarren garaipena eskuratu zuten Ohorezko Kadete Neskek.

Golegileak: Josune eta Maria

Asteburuan Lagun Onaken aurkako derbia jokatuko dute Garmendipen (igandea, 17:00).


 

1go Kadeteak

Antzuola 0
Anaitasuna CD 3

Ez da 1go Kadeteen neurketako kronikarik jaso.

Asteburuan, Ikasberri jasoko dute San Juanen (zapatua, 10:00).


 

Ohorezko Infantilak

Anaitasuna CD 2
Ilintxa 0

Hiru puntu lehen postua lortzeko borrokan jarraitzeko

Ohorezko Infantilek Ilintxa menderatzea lortu zuten joan den zapatu eguerdian, San Juanen. Gureek zituzten nahiak ez ziren bete, Ilintxak goitik egin baitzien presioa. Lehen minutuetan oso aktibo zelairatu ziren bisitariak, eta mutilak zelaian lekua ondo hartu ezinik ibili ziren denbora luze batean. Pixkanaka gorrixek zelaian nagusitzen joan ziren, eta baloia aurkariaren zelaian sartu zuten. Falta zuzen batean iritsi zen atsedenaldira iritsi baino minutu gutxi lehenago gureen gola. Atzelari lerroari, eta bereziki, atezainari bikain hartu zien aurrea Jon Galdonak, oinaren punta sartu eta bat eta hutsekoaren gola egiteko.

Atsedenaldian aurkariaren erdiko lerroa gainditzeko asmoz, hainbat aldaketa egin zituzten. Bi aurrelarirekin aritu ziren, erdian espazio gehiago aurkitzeko nahiarekin, eta hein handi batean lortu zuten. Hainbat momentutan oso ondo ukitu zuten baloia mutilek; aukera gehiegi ez zituzten egin, ordea. Partida amaierara hurbiltzen ari zein bezala, neurketak irekia jarraitzen zuen, baina Luis Juaristik ezker hegaletik barrura egin eta atera jaurtiketa eginda ezustean harrapatu zuen atezaina. Atepeko mutilaren gainetik baloiak ate barruan amaitu zuen. Anaitasunarentzat lasaitasunaren gola iritsi zen. Joko disdiratsurik egin gabe, neurketa aurrera ateratzea lortu zuten gorrixek.

Golegileak: Jon Galdona eta Luis Juaristi

Asteburuan Mondragonen aurka jokatuko dute Mojategi zelaian (zapatua, 11:15).


 

Infantil Txiki

Anaitasuna CD 1
Bergara 6

Nahi eta ezin, liderraren aurka

Aurrez ongi zekiten gorrixek joan den igandeko partida oso zaila egingo zitzaiela. Bergarak Infantil Txiki mailako talderik onenetakoa du; aurtengo denboraldian partidarik ez du galdu eta txapeldun izateko faboritoetako bat da. Hala eta guztiz ere, zailtasunak jartzeko gai izan ziren gorrixek, bereziki lehen zatian. Bisitarien lehenengo gola, gureen huts baten ondorioz iritsi zen, baina burua makurtu beharrean, golaren bila jarraitu zuten gure mutilek, eta berehala lortu zuten banakoa egitea.

Anaitasunari asko ari zitzaion kostatzen bere zelaitik irtetea, baina defentsan ondo ordenatuta zeudenez, kanpotarrei kosta egiten zitzaien aukeraren bat sortzea. Lehen zatia banakoarekin bukatuko zela zirudien, baina bi minuturen faltan, gureen beste huts batean, bergararrek abantaila eman zien gola lortu zuten.

Bigarren zatia zeharo desberdina izan zen. Kanpoko taldeak beste erritmo bat jarri ezarri zion partidari eta gorrixek ezinean ibili ziren bigarren zati guztian. Markagailuko emaitza gogorra izan arren, partida hori ahaztu eta hurrengoari begira jarriak daude gure mutilak.

Golegilea: Oihan Etxaniz

Asteburuan Aretxabaletaren aurka jokatuko dute Ibarra zelaian (zapatua, 11:00).


 

Infantil Neskak

Anaitasuna CD 2
Bergara A 4

Lehen postutik atera ditu porrotak

Neurketa zaila zuten aurreikusita. Atezainik gabe aritu ziren neskak eta jokalari batek egon behar izan zuen atepean. Halere, euren artean hitz eginda, defendatzen zuten zelaitik urrun jokatu behar zutela erabaki zuten. Partida ondo hasi zuten. Baloia gorrixena zen, eta aurkarien arean aritu ziren minutu luzez. Bergara, bere aldetik, euren jokalari trebeenak zer egingo zain egon zen. Neurketaren kontrola gure neskena izan zen, baina aukera garbirik egiteko gaitasunik ez zuten izan.

Bergarak hartu zuen aurrea San Juanen. Jokaldi ona egin zuen bisitarien jokalari onenak, eta horrela iritsi zen neurketako lehen gola. Neskei berdin jokatzen jarraitzeko gomendioa egin zieten entrenatzaileek, ondo ari zirela eta berdinketa iritsiko zela esanez. Korner batean, esandakoa bete zen. Albak egin zuen gola.

Bigarren zatia ere antzekoa izan zen. Baloia gorrixena izan zen, baina aurretik jartzeko lan handia egin behar izan zuten. Zoritxarrezn, berriz ere Bergara izan zen gola egin zuena. Hirugarren zatian neurketaren bila irten ziren gure neskak, aurkariak ondo estututa. Berdinketa egin zuen Itxasok eta ondoren ere golaukera ederrak izan zituzten aurretik jartzeko. Bisitariek, baina, beste bi gol lortu zituzten azken bi eta laukoa egiteko. Gure neskak saiatu ziren berriz ere partidan sartzen, baina ahalegin hutsean gelditu zen gorrixen saiakera.

Entrenatzaileak gustura gelditu ziren neskek egindako jokoarekin eta erakutsitako gogoarekin. Bergara A taldearen aurka bezala jokatuta, eta emaitzak alde batera utzita, neskak ikasten ari direla ikusi dute entrenatzaileek. Infantil mailan helburu nagusiena hori da, eta «pozik» daude. Ilusioz daude Kopako finalera iristeko, baina joan den asteburuko emaitzarekin zaildu egin zaie ametsa. Halere, amaierara arte borrokatuko dute eta lanean jarraituko dute. Zorionak neskei egindako partidagatik!

Golegileak: Alba eta Itxaso

Asteburuan Bergara B jasoko dute San Juanen (igandea, 12:00)


 

1go Infantilak

Aloña Mendi 4
Anaitasuna CD 2

Ez da 1go Infantilen neurketako kronikarik jaso.

Asteburuan Usurbilen aurka jokatuko dute Harane zelaian (zapatua, 11:00).